BILBO. Martxoaren 15etik 24ra bitartean, Bilbo poesiaren egoitza bihurtu da Udalak antolatutako BilbaoPoesia jaialdiari esker. Bada, jaialdia osatu duten 10 hitzorduek harrera bikaina izan dute ikusleen partetik.

Bidebarrieta Liburutegiko Ekitaldi Aretoan martxoaren 15etik 24ra ospatu diren BILBAOPOESIA Jaialdiaren 10 hitzorduek erabateko arrakasta izan dute. Bilboko Udalak antolatzen du BILBAOPOESIA Jaialdia, Bilbo poesiaren euskal uria bihurtzen duen literatur jaialdia, eta sarrera guztiak saldu dira, jaialdiaren XXII. aldi honetako ekitaldi guztietakoak: egunero-egunero izan dira ilarak, arratsaldeko bostetatik aurrera, egonarri handiz paperezko sarrera bat eskuratzeko zain egon diren pertsonek osatuak.

Horrez gain, BilbaoPoesia jaialdiak aukera eman du, orobat, errezitaldiak streaming bidez ikusteko, bertara joanez gozatu ezin zituztenentzat. Antolatzaileek kanal telematikoetako parte hartze handia nabarmendu dute, haien bidez zuzenean ikusi ahal izan baitira errezitaldiak eta saioak. Era berean, adierazi dute ezen, Bidebarrietako Kulturgunearen Youtube kanalean mila baino gehiago izan direla ikustaldiak.

Bernardo Atxaga, Manuel Vilas, Karmelo Iribarren, Beatriz Chivite, Marta Sanz edo Leire Bilbao idazleak, besteak beste, eta Izaro edo Nacho Vegas artistak, besteak beste, elkartu dira berriro publikoarekin Bidebarrietan, agintari sanitarioek ezarritako segurtasun eta higiene protokoloak zorrozki betez, eta behin eta berriro eskerrak emanez BilbaoPoesiak kulturarekin hartuta daukan konpromisoagatik.

"Poeton eta ikusleon artean lortu dugu kulturak bizirik jarraitzea. Eutsi egin diogu Bidebarrieta Kulturgunearen espirituari", adierazi du Begoña Moran BilbaoPoesia Jaialdiaren arduradunak. Era berean, publikoaren jokabidea eta jarrera nabarmendu ditu, "leial agertu baita, kulturarekin engaiaturik eta egoera sanitarioaren ondoriozko neurriak begiratuz". Gainera, aipagai izan du zer esaten zuten egileek Jaialdian zehar, "beren ustekabea kutsatu digute ikusirik nola betetzen zen aretoa egunean-egunean, eta eskerrak agertu dizkigute Bilbon kultur jarduerari eusteagatik zailtasunen gainetik".

Hala, bada, martxoak 24 esan zion agur jaialdiak publikoari, poesiarekin eta tokiko talentuarekin hamar hitzordu eskaini ostean "Berriro aireratuz" goiburuaren pean, zeinaren bidez 2020an pandemiaren ondorioz bertan behera utzi behar izan zenekoa aipatzen baitzen.