Mikel Urdangarin kantautore bizkaitarrak hiru kontzertu eskainiko ditu Bilboko Euskalduna jauregian Izurdeen lekua diskoa berria aurkezteko, bat larunbatean, abenduaren 26an (19:30ean), eta beste bi igandean, hilaren 27an (12:00etan eta 19:00etan).

Lehen kontzertua larunbat iluntzerako prestatu zen, eta sarrerak berehala bukatu zirenez, hurrengo egunerako beste kontzertu bat eskaintzeko aukera sortu zen; bada, horretarako sarrerak ere astebetean agortu ziren. Horregatik, hirugarren kontzertua antolatu da, igande eguerdirako.

Mikel Urdangarin ohiko bandarekin arituko da oholtzan urteari bukaera emateko. Kontzertuak bi zati izango ditu. Lehenengoan, 'Izurdeen lekua' aurkeztuko da, emanaldirako bereziki prestatu den ikuskizun berezi batekin. Bigarren zatia, zornotzarrak urtero Bilbon eskaintzen duen Gabonetako kontzertua izango da, kanta ezagunez osatutako errepertorioarekin.

Izurdeen lekuak biltzen dituen melodiak azken bi urteetan joan dira sortzen Urdangarinen buruan. Kantari zornotzarraren estudioko 15. lana da eta soinu berriak bilatzeari ekin dio bertan, pianoarekin sortutakoak gehienak.

11 abestik osatzen dute diskoa, eta, beste asmoren artean, orain bi urte zendutako ama omendu nahi duen kanta sorta da. Letrak Urdangarinenak berarenak dira, Harkaitz Canoren eta Kirmen Uriberen ekarpen bat salbu. Diskoa Zart kolektiboaren babesarekin dator.