BILBO. Urtero egin ohi duen moduan, Bilboko Udalak tokiko kultura sustatzea helburu duten Blas de Otero poesia lehiaketa, Miguel de Unamuno saiakera lehiaketa eta Gabriel Aresti ipuin lehiaketaren sariak eman ditu.

Lehiaketa bakoitzeko sariak ostegunean eman dira, eguerdian, udaletxeko Arabiar Aretoan egin den sari-banaketan. Gonzalo Olabarria aritu da ekitaldian buru, Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotzia, eta berarekin batera izan dira Udaleko beste kide batzuk, epaimahaiko kide batzuk eta sarituak ere.

BLAS DE OTERO POESIA LEHIAKETA

Bilboko 2020ko Blas de Otero poesia-sariaren lehiaketan, gaztelaniazko atalean, parte-hartzea aurreko beste edizio batzuetan baino handiagoa izan da, eta ia mila lan aurkeztu dira, Estatutik, Europatik eta Latinoamerikatik. Aurkeztutako testuen gaiak eta erregistroak askotarikoak izan dira oso, eta nabarmentzekoa da finalista izan diren lanen kalitate orokor ona eta bikaintasun formazko eta kontzeptuzkoa (hala iritzi dio epaimahaiak).

Euskaraz, guztira 25 lan aurkeztu dira, eta, gaien aldetik, poema-bildumen artean oso askotarikoak dira interesak: hiri ingurunea, etorkizunaren beldurra, amodioa eta are egungo pandemiaren aipamena ere.

Parte hartzea oso handia izan denez, lehiaketa finkatu egin da, literatur munduko poesia-lehiaketetan parte hartze handienetakoa dutenen eta erakargarrienen artean.

Blas de Otero poesia sarietako XIII. edizioko gaztelaniazko ataleko irabazlea Sergio García Zamora kubatar poeta izan da, "Los maniquíes enfermos" lanarekin. Euskarako atalean, sari nagusia Jokin Erkoreka Abiorentzat izan da, "Banda" lanarengatik.

Epaimahaiaren arabera, "Los maniquíes enfermos" lana indarragatik eta erro surrealista duen idazkeraren originaltasunagatik nabarmentzen da, eta bikaintasunez erabiltzen ditu literatur baliabideak, bertsoa eta prosa poetikoa, eta horren emaitza den liburuan, hitza errealitate sortzaile gisa ageri da, eta aldi berean erakusten da gaur egungo gizakia zeinen kolokan dagoen ere.

"Banda" lanaz den bezainbatean, epaimahaiak nabarmendu du ezen, ohi baino laburragoa izan arren, oso zehatza dela, eta baita borobila ere, egitura osatzeko orduan. Irratsaio baten moduan landua da, eta erritmoa bilatu du, poema luzeak eta laburrak aldizkatuz, eta gaia poema laburretan aditzera emanez, baina gero tarte luzeetan garatuz. Hiria eta natura bildu ditu poema-bilduma batean, milaka zertzelada xerkatuz naturan. Sarri askotan, poetak tonu apokaliptikoa erabili du, eta beste batzuetan barneko babesa bilatu du, begiradaren indarra maila sinbolikora jasoaz eta gizartearen okerbideak argituz.

Poema-bilduma bakoitzak 5.500 euro jasoko ditu sari moduan.

MIGUEL DE UNAMUNO SAIAKERA SARIA

Edizio berri honetan, nabarmentzekoa da zenbat lan aurkeztu diren, zeinen askotarikoak izan diren gaiak, eta, batez ere, lan horietako askoren maila eta kalitatea.

Gaztelaniazko atalean, hautaketa lana zaila izan da, eta, atzenean, epaimahaiko kideen gehiengoak "El hermano del hijo pródigo. Del resentimiento a la reconciliación" lana hautatu du, Francesc Torralbarena. Proposamen originala da, Bibliako parabola ezaguna duena abiaburu, kontakizun labur hura, zeinak, milaka urteko historia izan arren, emozio eta jokabide unibertsalak aipatzen baititu, gaur egun ere ezagutu ditzakegunak. Idazleak xeheki analizatzen du hiru pertsonaia haien jarrera, aitarena eta bi anaiena, eta halaber analizatzen ditu haiek zeharkatzen dituzten sentimenduak: damua, haserrea, sumindura, amodioa, barkamena eta beste. Lehiaketako epaimahaiaren iritzian, bikainki dago idatzia lana; testuak irakurlea gonbidatzen du bere buruari galdetzera hiru pertsonaia horietan zein duen gertukoen, eta gonbidatzen du aztertzera zergatik anaia nagusia igaro ahal zitekeen (edo igaro behar zuen) erresuminetik adiskidetzera.

Irati Jiménez Uriarte izan da, bestalde, irabazlea euskarazko atalean, "Erabakiak eta esanahiak, hautuak eta sinboloak. Idazkera kontzientea eta inkontzientea Harkaitz Canoren Neguko Zirkuan" lanarengatik. Saiakera lan honek jakin-minez aztertzen ditu Harkaitz Canoren "Neguko zirkua" laneko ipuinak, eta liburuaren esanahiaz jabetzeko aukera ematen du, ateratzen dituen ondorioen bidez. Hau da, nola doan ohartuaz euskal idazlea bere betebeharraz, nola gauzatzen den eta bideratzen duen egiteko hori, inguruabar guztiak hartuz kontuan. Liburuak xehe-xehe analizatzen du nola idazle bat jabetzen den bere lanbideaz. Epaimahaiaren iritzian, Irati Jiménezen lana azterlan xehe eta original bat da, obraren ezagutza sakona erakusten du, eta, aldi berean, obraren berezitasunak agertzen ditu modu berezi eta berritzaile batean.

Irabazle bakoitzak 6.000 euro jasoko ditu.

GABRIEL ARESTI IPUIN LEHIAKETA

Gabriel Aresti ipuin lehiaketako sariei dagokienez, Nora Canalentzat izan da ezagutzarik handiena gaztelaniazko atalean, "La tumba de Adam Smith" kontakizunarengatik, eta Mikel Ayllon Corralentzat euskarazkoan, "Emakume-bala" kontakizunarengatik.

Era berean, bi accesit banatuko ditu epaimahaiak: euskarazko atalean, Lourdes Unzueta Zamalloarentzat bat, "Neskatoa ogi bila donaekoa" lanarengatik, eta Itziar Ugarte Irizarrentzat bestea, "Beraneantea" ipuinarengatik. Gaztelaniazko atalean, Jesús Barriorentzat izango da bat, "Casa Museo" kontakizunarengatik eta Ricardo Chávezentzat bestea, "El día río del perro muerto" kontakizunarengatik.

Gaztelaniazko kontakizun irabazleaz, epaimahaiak nabarmendu du nola hitz egiten duen garaikidetasunaz, artifiziorik gabe, garai hauetarako nolabait postmodernoa den naturaltasunez. "Emakume-bala" lanaz den bezainbatean, ipuinaren planoen artean dagoen joko eta erlazio interesgarriarengatik eman zaio saria. "Neskatoa ogi bila doanekoa", bestalde, ondo kontatua dagoelako izan da saritua, ezin hobeto erantzunez proposatutako desafioari. Horrez gain, "Beraneantea" lana istorio xume bat da, irakurlearen arreta errazki irabazten duena, epaimahaiak adierazi duenez.

Gaztelaniazko bi accesitez den bezainbatean, "El día río el perro muerto" lanari buruz, epaimahaiak adierazi du joko metafikziozko bat dela, giza egoera ezin gogorragoen gainean diharduena, eta adierazi du lortzen duela metaliteraturazko ariketak berea izan ohi duen hoztasuna saihestea eta zirrara eragitea, eta, finean, kritika bat dela, metaliteratura bere baitara bildu eta bizitza errealaz ez diharduen baten kritika.

"Casa Museo" lanari dagokionez, nabarmendu du parodia bat dela, oso egokia, enpresa handien munduaz eta beheko gizarte klaseen exotizazioaz. Distopia bat da, non ideiek pisu handia baitute, baina ezkutuan geratzen baitira, lehen lekuan kokatzeko hutsegiteari itzuriz, adierazi du epaimahaiak.

3.500 € gordinekoa eta 1.750 € gordinekoa izan dira accesit bakoitza, atal bakoitzean.

Blas de Otero-Bilboko Uria Poesia Lehiaketa, Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketa eta Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa urtero antolatzen ditu Bilboko Udalaren Kultura Sailak, literatur jarduera sustatzeko eta talentu berriak aurkitzeko, eta hiru egile bilbotarren memoria eta lana bizirik mantentzeko.