BILBO. Aenorrek Bilboko Euskalduna Jauregia saritu egin du koronabirusaren pandemiaren aurrean egindako gestioagatik. Hala, ziurtagiri hori lortzen duen lehenengo Kongresu Jauregia eta bigarren musika-auditoriuma bihurtu da.

Auditoretza gainditu ondoren, Aenorrek Euskaldunak higiene eta osasun berme guztiak dituela egiaztatu du, bai bezeroentzat bai enpresa laguntzaileentzat, eta, horiei esker, ahalik eta gehien murrizten duela birusa zabaltzeko aukera.

Gaur goizean bertan, Lorea Bilbao Kultura eta Kiroletako foru diputatuak, Andoni Aldekoa Euskaldunako zuzendari nagusiarekin batera, covid-19aren aurreko Aenorren ziurtagiria egiaztatzen duen plaka jaso du, Luz Emparanza Aenorren Euskal Autonomia Erkidegoko zuzendariaren eskutik.

"Ziurtagiri hori berme bat da, bai bertara doan jendearentzat, bai Euskaldunan lan egiten duten enpresentzat. Eta, aldi berean, segurtasunarekin duen konpromisoaren erakuslerik onena da", ziurtatu du Kultura eta Kiroletako foru diputatuak.

Gainera, nabarmendu behar da segurtasun neurrien planaren barruan Euskaldunak aldizka ikuskatuko dituela bere segurtasun-protokoloak, eraginkortasuna eta araudira egokitzen dela bermatzeko.

"Oso pozik gaude Aenorren ziurtagiria jaso duen lehen kongresu Jauregia eta bigarren auditoriuma garela iragarri ahal izateagatik. Konpromiso sendoa dugu segurtasunarekin, eta ekitaldi guztietan esperientzia segurua eskaintzea da gure lehentasuna. Aintzatespen horrekin pandemia geldiarazten laguntzeko hartu ditugun neurriak egokiak eta eraginkorrak direla egiaztatzen da", adierazi du Aldekoak.

Bestalde, Luz Emparanza Aenorren Euskadiko zuzendariak adierazi duenez, "Euskalduna Bilbaok gizarteari zerbitzua emateko duen konpromisoa bere lehentasunen lehen tokian dagoela erakusten du, bere jarrerarekin koherente izanda. Orain ziurtatu diren bere protokolo emankorrek indar handiz bultzatzen dute ekitaldien sektoreak gizarteari eta ekonomiari egiten dion ekarpen garrantzitsua azkar berreskuratzeko behar den konfiantza".

Zehazki, Euskaldunak arriskua ebaluatu eta ekitaldi mota bakoitza antolatzeko eta ospatzeko prozesuetan duen eragina aztertu du, kanpoko prebentzio-zerbitzuarekin eta osasuna zaintzeko zerbitzuarekin lankidetzan, COVID-19a kutsatzeko arriskua ahalik eta gehien murrizteko prebentzio-neurriak ezarriz. Antolakuntza talde osoari, enpresa laguntzaileei, emakidadunei eta azpikontratatuei, bezeroari eta erlazionatutako langileei aplikatuko zaien eta ekitaldi batek duen garapen-prozesu osoan esku hartuko duen prozedura izango da, negozioaren jarraitutasuna bermatuz eta beharrezko prebentzio-neurriak hartuz, covid-19a kutsatzeko arriskua ahalik eta gehien murrizteko.

Euskaldunak jauregiko eremuetan egiten diren jardueretan oinarrituta covid-19a kutsatzeko arriskua ebaluatu du, eta dagozkion prebentzio-neurriak ezarri ditu. Era berean, edukiera agintariek adierazitakoaren arabera murriztu da, eta aretoetan aulkien eta eserlekuen banaketa egokitu egin da, eta baita atarietan eta beste espazio batzuetan eman daitezkeen erabilera mota guztiak ere.

Bestalde, eremu bakoitzerako garbiketa eta desinfekzio protokolo espezifikoa ezarri da, garbitasuna eremu bakoitzaren erabilerara egokituz. Horrela, gogorarazi behar da konfinamenduan zehar instalazioen garbiketa orokorra egin zela, gune publikoetatik hasi eta gune tekniko eta instalazioetaraino.

Euskaldunako ekitaldi bakoitzerako covid-19 protokoloaren jarraipen-batzorde bat izendatuko da, bertako langileek eta bezeroen ordezkariek osatuta. Horrela, Jauregiak bezeroekin partekatuko du erantzukizuna, ekitaldi bakoitzaren garapenarekin zerikusia duen guztian (muntaketa, proba, entsegua€).

Azkenik, nahitaez bete beharreko oinarrizko prebentzio-neurriez gain (segurtasunezko distantzia, maskara, eskuak sarritan garbitzea eta garbiketarako eta desinfekziorako protokoloa), Euskaldunak berariazko neurriak ezarri ditu bere sailetan, lanerako txandak (telelana eta aurrez aurrekoak ez diren bilerak bultzatuz), eta eskudirua ez den bestelako ordainketa-metodoak bultzatzea, besteak beste.

Lan horretatik guztitik Larrialdiak kudeatzeko eta negozioari jarraipena emateko plan bat ere sortu da, gerta daitezkeen alerta publikoen (osasun arloko izurrite bat, adibidez) ondorioak ahalik eta gehien murrizteko.