BILBO. Asier Barandiaranek aurkestutako ikerketa proiektua izan da hautatua Estatu Batuetako Reno hirian kokatuta dagoen University of Nevadak eskainitako Jon Bilbao Katedra aurrera eramateko. Renoko Center for Basque Studies egoitzan urtero edota bi urtean behin eman ohi da katedra hau. Hala, Barandiaranek hilabete batzuk emango ditu Estatu Batuetan bere lana gauzatzeko.

Barandiaranek “Nafarren emigrazioa Ameriketako Estatu Batuetara XX. mendean: Mundu Berrian utzitako aztarna eta Nafarroan izan duen inpaktua” izeneko ikerketa proiektua aurkeztu du, eta hainbat irizpideren arabera izan da hautatua; hala nola, euskal diasporaren gaiari egokitutako proposamena izatea, kalitatea eta interesa, genero ikuspegiaren txertaketa eta alde berritzaileak edukitzea. Egonaldiaren datari dagokionez, normalean abuztutik aurrera egin ohi den arren, aurtengo osasun-larrialdi egoera dela eta, baliteke atzerapen txiki bat izatea. Laster zehaztuko dute noiz izango den.

2014an sortua, Jon Bilbao Katedraren helburua da euskal diasporari eta euskal kulturari buruzko ikerketa eta ezagutza nazioartean sustatzea. Etxepare Euskal Institutuak sustatzen dituen gainontzeko 8 katedretatik ezberdintzen da honako hau; ikerketarako, eta ez irakasgai bat emateko, egonaldia eskaintzen duen bakarra baita. Katedrak irakasle bisitari batentzako ikerketa-beka eskaintzen du urtero edo bi urtero, Jon Bilbao Visiting Research Fellow izenekoa. Onuradunak University of Nevada, Renoko (UNR) CBS zentroan izango du egoitza, hori baita AEB mailan euskal diasporaren gaineko ikasketen irakaskuntza eta ikerketa erakunde nagusia.