BILBO. Hurrengo larunbatetik aurrera, uztailak 4, eta abuztuaren 2a bitartean, Euskalduna Jauregiak Aurrera Fest jaialdia hartuko du. Guztira, adin guztientzako 63 antzerki, musika eta dantza emanaldi eskainiko dira.

Duela bi aste aurkeztu zen arte eszenikoetan eta musikan aritzen diren taldeei laguntzeko eta ikus-entzuleak berriro kultura erabateko segurtasunez kontsumitzera animatzeko helburua duen ekimena, eta parte hartu gura zuten arte eszenikoetako bandek eta konpainiek izena emateko epea ireki zen. Gaur goizean, Kultura eta Kiroletako Foru Diputatuak eta Andoni Aldekoa Euskalduna Jauregiko zuzendari nagusiak kartelaren berri eman dute.

"Kulturaren sektoreak oso harrera ona eman dio. Euskaldunari zuzeneko kultur jarduera itzuliko dioten 57 ikuskizun, denontzako aukerekin. Aurrera Fest, gure baliabideak kulturaren sektorearen esku jartzeko xedearekin sortu da, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko jarduera, ekonomia eta aisia bultzatuko duten jarduketei bultzada emateko diseinatu duen Bizkaia Aurrera programaren barruan" azaldu du Lorea Bilbaok.

Euskaldunak bere espazioak lagako ditu, musika bandak, antzerki eta dantza konpainiak, magian aritzen direnak, umeentzako lanak prestatzen dituztenak, euskaraz lan egiten dutenak€ euren ikus-entzuleen aurrean berriro aritu daitezen eta txaloek berriro ere Jauregiaren hormak bete ditzaten. Horrez gain, oinarrizko ekipo teknikoa jarriko da parte hartuko duten banden eta konpainien esku: 3 areto aukeratzeko (Auditoriuma, 0B eta 0E); eta sarrerak saltzeko www.euskalduna.eus plataforma.

Andoni Aldekoak, bere aldetik, "Aurrera Fest"-en kartel anitzaren zenbait xehetasun eman ditu. "Eszenatokietara gure eskutik itzultzera animatu diren 56 banden eta konpainien esku gure esperientzia eta azpiegitura osoa jarriko dugu. Garikoitz Mendizabal txistulari ospetsua, Gorka Mínguez euskal antzezlea, Kresalaren dantza ikuskizuna, Oliver magoa, Euskal Herriko Gazte Abesbatzaren kontzertua€ eta baita nazioartean arrakastatsua den eta Euskaldunara uztailaren 10ean helduko den Zaragozako Amaral bikotea".

Guztira, hainbat estilotako 37 musika kontzertu (Mc Enroy; Bizcay Bay Jazz Collective; Zabalguneko Multzo Korala; Iruñeko orkestra gaztea€); 3 dantza ikuskizun (Write your dance; Soinuaren Bidaia; Kresala); 11 antzezlan (Tres eran tres; El veneno del teatro; eszenatokietan 3 egun egingo dituen La Haceríaren Verano de Cristal; Pánico Escénico€); Umeentzako 3 ikuskizun (Zirkoetxe; Oliver Magoa; Tor Magoa); Iñaki Goiricelaiaren eskutik etorriko den "Lur hau gurea" proiekzioa. Sarrerak datozen egunetan jarriko dira salgai.