Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharra

Donostiako antzoki nagusiak programazio berriarekin itzuliko dira

08.06.2020 | 15:00

DONOSTIA. Pixkanaka-pixkanaka, gizarteak normaltasunera itzultzen doa. Koronabirusa ez dugu atzean utzi oraindik, baina Euskadi dagoeneko deseskalatzearen hirugarrean fasean sartu da, eta horrek hainbat askatasun dakartza. Esate baterako, kulturaren munduari dagozkionak. Hala, Donostiako Victoria Eugenia Antzokiak eta Antzoki Zaharrak lau kontzertuz, hiru antzezlanez eta sei zinema saioz osaturiko programazio berriarekin itzuliko dira.

Hala, bi antzokiok izango dira Euskadiko lehenak, formatu handikoen artean, itxialdiaren ondoren zuzeneko programazioari berrekiten. Hain zuzen ere, edukieraren erdia erabiliz irekiko dira.

Zea Mays taldearen kontzertuak emango dio hasiera datorren ostiralean, hilak 12, Victoria Eugeniako ekaineko programazioari eta hurrengo egunean, Egoitz Lasa eta Ramon Agirreren Gu primer! lanak, Antzoki Zaharrekoari.

Ondotik, zine-proiekzioak - Bang Bang Zinema eta Nosferatu ziklokoak-, kontzertuak - McEnroe eta Lou Topet- eta antzezlanak - Harri orri ar eta Palabras encadenadas- etorriko dira, denak ere ekainean. Oraingo programazio eszeniko honetan, helburu hauek izan ditugu nagusiki: hemengo sorkuntzari eta artistei laguntzea eta aurrez programatuta zeuden ikuskizun batzuk berreskuratzea, Alarma Egoerak bertan behera uztera behartu gintuenez gero.

Aurrez, ekainaren 10ean, Argiak piztu! edo 0 Gala hitzordu berezia izango dugu Donostiako osasun-langileei eskainia, esker ona adierazteko azken hamabi asteotan egin duten lan eskergagatik eta hartutako osasun- eta segurtasun-neurriak egokiak diren probatzeko balioko duena.

Sarrerak salgai daude jada, Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta donostiakultura.eus/sarrerak gunean. Programazio guztiari ezarri zaizkio prezio bereziak, Donostia Kulturako bazkideei egin ohi zaien % 10eko deskontuaz gainera.

noticias de deia