Astelehenetik aurrera

Emakumezkoen rap-ak protagonizatuko du Bazter Festen VI. edizioa

30.05.2020 | 12:12
Bazter Festen VI. edizioaren kartela.

BILBO. Astelehenetik aurrera, astelehenero hamar astez, emakumezkoen rap-a protagonista izango duen Bazter Fest jaialdia ospatuko da. Aurtengoa seigarren edizioa izango da, eta koronabirusak eragindako egoera dela eta, online egin behar izango da. Bilboko Udalak eta Eskina Femenina kolektiboak abiarazi dute programa hau. Zoom plataformaren bidez eta Bilbao Kultura Youtube kanalean ikusi ahal izango da.

Bazter Fest udal ekimena da, Eskina Femenina kolektiboarekin batera egina. Erreferenteak sortu nahi ditu emakumeak rap-era hurbiltzeko, mikrofono bat hartzera bultzatzeko eta nagusiki gizonezkoak diren musika-estilo horretaz gozatzeko. Gainera, hurbileko eszenaren alde eginez, Bazter Fest-ek eskua luzatzen die tokiko talde eta artistei, haien lana partekatuz eta zabalduz, eta bizi dituzten ziurgabetasun-une hauetan lagunduz.

Seigarren edizio honetan euskal eszenako genero honetako erreferenteak protagonista izango dira. Bilboko Udalak bultzatutako kultura-jarduerei buruzko informaziora harpidetutako pertsonek gonbita jasoko dute posta elektronikoz, Zoom-en bidez zuzenean parte hartzeko. Harpidetuta ez egonez gero, esteka honetan egin daiteke. Zuzenean ikusi nahi duenak Bilbao Kultura YouTubeko kanalaren bidez jarraitu ahal izango du. Ondoren, Kultura Barrutik Facebooken profilean eta Bilbao Kulturako YouTubeko kanal berean partekatuko dira bideoak.

La Basuk, Eskina Femenina kolektiboaren sortzaile eta kide denak eta hasieratik proiektu honen bultzatzaile denak, ordubeteko jardunaldiak aurkeztu eta dinamizatuko ditu. Hamar on line topaketa horiek euskaraz, gaztelaniaz edo ele bitan egin daitezke, eta elkarrizketak, aurkezpenak, zuzeneko emanaldi laburrak eta hainbat inprobisazio konbinatuko dituzte.

Bazter Fest-en #6. karteleko lehen bost artistak hauek dira: Las Tea Party DJs (ekainaren 1ean), Eva Mena (ekainaren 8an), VitterSweet (ekainaren 15ean), Lohitzune Lohi (ekainaren 22an), Mad Muasel (ekainaren 29an). Kartelaren gainerakoa datozen asteetan jakinaraziko da.

ARTISTEN BIOGRAFIAK

Las Tea Party Dj's (Bilbo). Rap, elektronika eta trap jotzen dituzten DJ-ak. (topaketa euskaraz eta gaztelaniaz) Las Tea Party Dj's 2010ean sortu zen proiektu gisa, Eva Gutierrezek (La Cuisine) eta Lorea Argaratek (Flow) elkarrekin emanaldi bat egitea erabaki zutenean, Soraluzeko jaiak zirela-eta. Proiektu hau apurka-apurka garatu zen, agertokira irteteko heldutasuna bereganatu arte. Heltze-prozesu horren ondorioz sortu da ikuskizun hau. Hasiera batean funky eta electroswing kutsuko esperimentu bat izan zena genero sorta mordo batez kutsatu da, electro, drum n'bass, dubstep edo moombahton. Azpigenero ezagunak ere aurki ditzakegu hemen, batik bat moombahcore edo brostep.

Eva Mena (Bilbo). Graffiti-egilea (topaketa gaztelaniaz). Artista moldakorra da, erabiltzen dituen materialak bezalaxe. Baliabide egokiak dauzka mota askotako proiektuei aurre egiteko, tamaina guztietakoak eta ingurune ezberdinetan: kanpoaldean eta barrualdean horma-irudiak egiten ditu, eta ez du bere artista-sena ahazten, bere obra pertsonala ahal duen bezain beste zabalduz.

VitterSweet (Bilbao). Rap eta soul abeslaria (topaketa gaztelaniaz). Vittersweet beste barik eta 'V'-z idatzia da Berta Bittersweetek etapa musikal berrirako aukeratu duen izena. Etapa honetan errealagoa eta zuzenagoa da eta esateko duena botatzen du. Lehen ebaki urbanoa argitaratu du, trap eta R&Bren artean dantzan. Lanaren izena 'IWMMB' da.

Lohitzune Lohi (Portugalete). Dantzaria eta koreografoa (topaketa euskaraz eta gaztelaniaz). Umetatik dantzari bokazioa daukan arren, 13 urterekin hasi zen serioago hartzen. Madrilen eta Bartzelonan ikasi zuen, eta 15 urterekin hip hop, dantza garaikidea, balleta eta jazz dantza ikastera joan zen hainbat lekutara: Londres, Manchester, Italia eta Polonia. Ikasketa hauei esker, oso moldakorra da. 2018. urtean zehar, Erizaintzako karrera amaitu zuenean, Londresera joan zen aukera bila eta dantza ikasten jarraitzera.

Mad Muasel (Bilbo). Dancehall abeslaria (topaketa euskaraz eta gaztelaniaz). Estatuko dancehall-aren panoraman artista aitzindarietako bat dugu. 2008tik lanean dago; bakarka 3 album grabatu ditu eta hamaika kontzertu eskaini. Agertokiaren gainean ikusleak hipnotizatzen ditu bere jarrera eta nortasun ikaragarriez. Kantaria, musikagilea, irakaslea eta pedagogoa da, baita musikazalea musikaren alderdi guztietan ere. Mad Muaselek pentsatzen duena esateko erabiltzen du mikrofonoa, baita inortxo ere axolagabe uzten ez duen moldeaz esan ere.

noticias de deia