Ia 200 gaztek hartu dute parte EGOren entzunaldi birtualetan

Bideoak baliatuz burutu dira aurtengo entzunaldiak, eta, 24 musikari titular hautatu dituzte

12.05.2020 | 00:08
Euskal Herriko Gazte Orkestraren kontzertua Hondarribian. Argazkia: Javier Colmenero

Bilbo – 16 eta 27 urte bitarteko ia 200 gaztek eman dute izena Euskal Herriko Gazte Orkestrako (EGO) entzunaldi "birtualetan". Aurtengo izen-emate kopurua mugarria izan da proiektu kultural estrategiko honentzat, 1997an Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eskutik sortu zenetik, inoiz baino pertsona gehiago inskribatu direlako aurten 24 titular postuak betetzeko asmoz.

Entzunaldiak aurrez aurre gauzatuko ziren hasiera batean Euskal Herriko Goi-Mailako Musika ikastegian (Musikene), apirilaren 14aren eta 19aren artean. Alabaina, covid-19ak eragindako krisiaren ondorioz, EGO testuinguru berrira egokitu da, aurreikusita zegoen hori aldatuz. Horretarako, teknologia baliabideak "ezinbestekoak" izan da.

Euren talentua erakutsi ahal izateko, eskatutako errepertorioa prestatu, grabatu eta bidali behar izan dute gazteek. "Egungo egoerara moldatzeko gaitasuna handia eta malgutasuna erakutsi dute", azaldu dute Euskal Herriko Gazte Orkestratik.

Gauzak horrela, EGOk eskainitako bestelako esperientzia honetan, epaimahaia entzunaldien esparruko adituek osatu dute. Hala nola, Bilbao Orkestra Sinfoniko eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren bakarlariak egon dira talde horretan. Hori bai, nazioarteko iritziek ere izan dute lekua: London Symphony Orchestra, Vienako Orkestra Filarmonikoa, Suisse Romande, Espainiako Orkestra Nazionala, Reina Sofia Musika Eskola edota Gran Teatre del Liceuko Orkestraren eskutik iritsitakoak.

Oro har, epaimahaikide guztiek baloratu dituzte positiboki entzunaldiak hautagai gazteek erakutsitako maila altuarengatik. Gainera, gehienbat proiektatutako soinuaren kalitatea lehen aldiz behar bezala hauteman ahal izateko, ohiko en-tzunaldietan ez bezala arazoak sor daitezkeenez, bideoak behin baino gehiagotan aztertzeko aukera izan dute epaimahaikideek.

Datuak Euskal Herriko Gazte Orkestran sartzeko intentzioa erakutsi duten 193 gazteen artean, %60 Nafarroa eta Euskal Autonomikoa Erkidegokoak izan dira. Hartara, arestian aipatu bezala, 24 hautatu dira titular izan daitezen, eta beste 43 ordezko izateko. Aurkeztu eta hautatu diren musikariei dagokienez, Musikenek egin du ekarpen handiena, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioarekin eta Aragoikoarekin batera.

Azpimarratzekoa izan da aurtengo edizioan euren ikasketak nazioarteko ikastegi garrantzitsuetan gauzatzen ari diren euskaldunen parte-hartzea. Besteak beste, Salzburgoko Universitat Mozarteum, Anberesko Errege Kontserbatorioa, Londresko Guildhall eta Royal Music School, Kataluiniako Esmuc eta Liceuko Goi-Mailako Kontserbatorioko ikasleek hartu dute parte.

Generoari erreparatuz, aurkeztu diren gazte guztien artean, %53 gizonezkoak izan dira eta %47 emakumezkoak. Halaber, adinaren batezbestekoa 21 urtekoa izan da.

Behin entzunaldiak bukatuta, etorkizunera ditu jarrita dagoeneko ikusmirak Euskal Herriko Gazte Orkestrak. Izan ere, uda honetako topaketa zein jarduerak antolatzeko alternatibak aztertzen ari da. Modu honetan, talde kudeatzailea, orkestraren egitekoa gauzatu ahal izateko egungo ezohiko egoerari erantzun baten bila dabil, "proiektu ziragarri honen helburuak" bete ahal izateko. Bien bitartean, BBK, Kutxa eta Vital Fundazioen babesa dauka oraindik EGOk.