KOLORE gorriak, horiak, urdinak, berdeak, moreak eta laranjak. Koloreak, beren osotasunean. Hori izaten zuen, batik bat, oinarri Jose Luis Zumeta margolariak (Usurbil, Gipuzkoa, 1939) bere lanetan. Egiten zituen koadroak emozioen formak zirela zioen, eta bizi egin behar direla. Buruan izan zezakeen ideiak baino, koadroan bertan margotutakoak eta hark iradokitakoak markatzen zuen artistaren bidea. Haurra zenean egin zituen lehen urratsak margogintzan, eta garatuz joan zen hark zuen sena. Erbestera ere joan zen, eta bertan izan zuen aukera artearen zenbait joera ezagutzeko. Baita artista klasikoen obrekin topo egitekoa ere. Euskal Herrian, Gaur taldearen sorreran hartu zuen parte, besteak beste. Ostegun batez eman zuen azken agurra, apirilaren 23an. Donostian hil zen, 81 urte zituela.

Usurbilen jaio zen Zumeta, 1936ko gerra bukatu zenean. Haurtzaroa ere ongi gogoratzen zuen. Hala azaldu zion Amets Arzallusi 2008an, Argia aldizkarirako eginiko elkarrizketa batean: "Trena, frontoia, errioa, gure dibertsioak horiek izaten ziren, kobreak lapurtu€ Eta gero nola pasatzen zen tarteka traperoa, haren truke baloi bat edo ematen zigun, pilota bat edo zerbait. Holakoxe bizimodua genuen Usurbilgo San Esteban auzoan (€) eta, batez ere, trena, trenbidea ondoan pasatzen baitzitzaigun. Halaxe harrapatu zuten gure arreba, sei urtekoa, nik lau urte nituela". Bost urterekin, berriz, Donostiako La Salle eskolara bidali zuten ikastera, eta bertan eman zituen margogintzan lehen pausuak. Arzallusi ere aitorpen bat egin zion duela hamabi urteko elkarrizketa hartan; azaldu zuenez, ikastetxeko giro arrotz hartatik babestuta sentitzen zen marrazkiekin.

Urte batzuk beranduago pintura gehiago ezagutzeko aukera izan zuen, eta lotura estuagoa egin zuen arte diziplina horrekin. Teknika ugari ez ezik, hainbat artista ezagutzeko aukera ere izan zuen. Hain zuzen, Gráficas Valverde lantegian hasi zen lanean, hamalau urterekin. Zaletasuna garatu, eta Donostiako Arte eta Ofizioen eskolan eman zuen izena, eta lehen urratsak egin zituen pinturan eta marrazkigintzan, besteak beste. Are gehiago, Gipuzkoako Artisten Elkarteak antolatutako ikastaro zenbait ere egin zituen. Azkenean, ordura arte egindako lanek bere fruitua eman zuten, eta Espainiako urrezko domina lortu zuen Madrilen, Pintura Joven lehiaketan. Hemeretzi urte zituen. Ostean, atzerrira joateko hautua egin zuen. Pintura gehiago lantzeko nahia zuen, eta inguruan ez zuen aukera hori.

Parisera, xentimorik gabe Soldadutza boluntarioa egin, eta Parisera lekualdatu zen Zumeta, 1959an. "Sosik gabe abiatu nintzen. Eta frantsesik ere jakin gabe", adierazi zuen Argiako elkarrizketan. Pariseko "bizitza bohemioak" erakartzen zuen, baina margotzeko grina ere ba omen zuen. Pintura bizi-tza baino inportanteagoa iruditzen zitzaiola azaldu zion Arzallusi. Rafael Balerdi margolari donostiarra ezagutu zuen Parisen, eta hark eman zion sos batzuk lortzeko lehen pista: papera batzen aritu zen etxez etxe. Denbora librea zuenean, margotzeko joera zuen. Bertako egonaldian ezagutu zituen zenbait artista eta obra ere. Jackson Pollock eta Pablo Picasso, esate baterako. Espresionismo abstraktuaren bidean hasi zen murgiltzen, eta Euskal Herrira itzuli zen.

Hondarribian (Gipuzkoa) aritu zen lanean itzuleran, Remigio Mendiburu eskultorearekin batera. Espresionismoa landu zuen, eta kolore puruak erabili zituen horretarako. Urte berean, erakusketa kolektibo batean parte hartzeko aukera izan zuen, eta 1961ean, aukera izan zuen bakarkako lehen erakusketa jartzeko, Donostiako Udalaren erakusketa aretoan. Halere, berriz egin zuen jauzi nazioartera, Joxan Artze idazlearekin batera. Stockholmen eta Londresen lan egin zuen, eta 1964an itzuli zen Euskal Herrira.

Gaur taldea, eta gehiago Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea, Rafael Balerdi, Amable Arias eta Jose Antonio Sistiagarekin batera, Gaur taldearen sortzaileetako bat izan zen Zumeta, 1966an. Hain zuzen, Balerdiren bidez sartu zen taldean. Erakusketa bat egin zuten Donostiako Barandiaran galerian, eta baita manifestu bat kaleratu ere. Bilbon eta Gasteizen ere egon ziren. Zumetaren arabera, erabaki hori "postura politiko" bat zen. Taldeko kideen artean ikuspegi ezberdinak egon arren, garaiko gizarteari artearen eta kulturaren ikuspegi berritzaile bat aurkeztu zioten. Ez Dok Amairu taldekoekin ere bazuen harremana margolariak, eta aritu zen elkarlanean bertako musikari batzuekin; Mikel Laboarekin, adibidez. Bi urtera desegin zen taldea.

Bien bitartean, 1960ko hamarkadan eta ondoren, sentitu ahala margotzen jarraitu zuen. Kolore biziak erabiltzen zituen, eta forma ugari. Euskal Pinturaren Sari Handia lehiaketan lehen saria irabazi zuen 1967an, Homenaje al Gernika de Pablo Picasso lanarekin. Euskal Herritik atera, eta nazioartean ere erakutsi zituen bere lanak, bakarka eginikoak zein kolektiboki. New Yorken eta Mexikon egon zen, besteak beste. 1970eko hamarkadan dimentsioetan handiagoak ziren lanetara ere egin zuen jauzi, eta bi mural handi margotu zituen, 1973-1974 urteetan: Usurbilgo pilotalekuaren atzean, bata; Pasaiako portuan, bestea. Hil ondoren ere, Usurbilgo muralean egin zioten omenaldi xume bat herritarrek, lore bana jarriz.

1980ko hamarkadan ere Bilbon, Iruñean, Baionan eta Zaragozan (Espainia) ibili zen, besteak beste. Alemaniara ere joan zen, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez antolatutako bi erakusketetan parte hartu baitzuen. Papiroak ere hamarkada honetan egin zituen, eta bere etapan bereizgarri dira: lan ildo bat ziren, eta tenpera erabiltzen zuen kartoiaren gainean irudiak egiteko. Halere, 1990eko hamarkadan jaio zen askorentzat bere lan esanguratsuena izan daitekeena. Picassoren Gernika hartu, eta neurri bereko margolana pintatu zuen, 1999an. Kolorez beterikoa hau ere. Euskal herritar zenbaiten margolan maitatuenetako bat da, ezbairik gabe. Lanean jarraitu zuen gainontzeko urteetan ere, eta Usurbilen pintatzen zituen bere lanak azken urteetan. Han zuen estudioa, Usoa Zumeta alabarekin batera.

Margolanetako ideien bidea 20 urte zituenetik margotu izan zuen Zumetak kolore biziak erabilita. Areago, kolore horiekin bide bat ere margotzen zuen, aurrez zehaztua izan den ideia batetik abiatuta ala margotu ahala islatua. Hala azaltzen zuen: "Nire ideiek bidea dute, ez da besterik gabe ideia eduki eta hori jarri, hori bizitzarik gabe gelditzen da". Margolariaren arabera, margotzen hasten zenean, prozesuan gauzak jartzen zituen, baina, aldi berean, baita ezabatu ere. Bide horrek eramaten zuen artista azken emaitza batera, egindako bide artistikoak markatzen zuen azken ideia izan zitekeena. Hain zuzen, nahiago izaten zuen pintatzen hasi eta koadroak berak erakustea nora iritsi.

Margoak bizi egin behar direla ere aldarrikatzen zuen Zumetak. Behin eta berriz zioen bere lanak emozioen formak direla, eta emozioen alde horretatik errekonozitzen direla, sentitzen dena eta ez dena, hein handi batean. Horretarako, koloreak ere funtsezkoak ziren berarentzako. Horiek ziren margotzen hasteko lehendabiziko lagunak, formak ematen hasi aurretik. Zumetak eginiko lanek hor diraute, eta iraungo dute oraindik ere. Mantenduko dira hark ezarritako koloreak, eta eutsiko diote datozen belaunaldi berriei ere. Kolore horien indarra bizi-bizirik dago, eta ez da itzali.

Erreakzioak

Maitatua zen euskal gizartean Zumeta, eta baita erreferenteetako bat ere. Hainbat lagunek agur mezuak idatzi dizkiote sare sozialak erabilita. Hark euskal artean eta kulturan egindako ibilbidea aitortu dute zenbaitek, eta hark egindako ekarpena garrantzitsua izan dela nabarmendu. Politika eta kultur arloko kideek agurtu zuten margolaria, besteak beste. Hemen, jasotako batzuk:

- Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua: "Laboa eta Artzeren lanen bidez ezagutu nuen Zumeta. Euskal artea eta kultura berritzeko mugimendu nagusietan ibili zen (Gaur, Ez Dok Amairu...), eta ekarpen garrantzitsua egin zuen bide horretan. Pisu nabarmena eduki du euskal imajinarioan, eta hori geratzen zaigu. Goian Bego".

- Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkatea: "Kolpe gogorra jaso dugu gaur usurbildarrok, Euskal Herriak eta, oro har, kulturak Jose Luis Zumetaren heriotzaren berri izan duenean. Are garaikidearen ikur, artista bizi eta emankorra izan da Zumeta. Gure herriaren imajinario kolektiboan ezinbesteko erreferen-tzia".

- Irantzu Lekue artista: "Utzitako aztarna itzelak ahaztezin egiten zaitu. Beti arte, Jose Luis".

- Etxepare Euskal Insitutua: "Euskal artearen izen handienetako bat joan zaigu gaur: Jose Luis Zumeta. Artista berritzaile eta oparoa. Utzitako aztarna itzelak betirako jarraituko du gurekin. Ez adiorik".