DONOSTIA. Atzo, apirilak 29, asteazkena, Donostiako alkate Eneko Goiak hiriko kultur eragileekin bildu zen koronabirusaren krisialdiak kulturaren sektorean izango dituen ondorioak aztertzeko.

Topaketa honetan, eragile horiek beren programazioan izaten ari diren ondorioekin zerikusia duten gai guztiak jarri dira mahai gainean, baita tokiko sortzaileengan eta artistengan ere, eta arreta berezia jarri da kulturaren zuzeneko erakusketa guztiaren sortzaileen, banatzaileen eta zerbitzu osagarrien balio-katean.

Kulturak ingurunean duen eragina ere mahai gainean jarri da. Goiak adierazi duenez, "kultura, beste jarduera ekonomiko bat bezala, hiriaren eragile ekonomiko garrantzitsua da, kulturan inbertitutako euro bakoitzak 2,5 euro mugitzen baititu hirugarren sektorean".

Bilera horretan jakinarazi da, halaber, Jazzaldia, Musika Hamabostaldia, San Telmo Museoa, Udako Ikastaroak edo Zinemaldia COVID-19 delakoaren ondoriozko baldintza berrietara egokituko direla. Hala ere, udako kultura agenda agertoki alternatiboak prestatzen ari da "hirian kultura-programa bat eskaintzeko, segurtasun- eta edukiera-neurrietara egokitua, eta, batez ere, tokiko sarea babesteko ahalegin berezia eginez", alkateak esan duenez.

Udako beste hitzordu bat San Telmo Museoak uda honetarako programatua zuen Elkanoren erakusketa handia izango da. Hala ere, Elkano Donostiara itzuliko da 2021ean.

Ekainaren 1a liburutegiak, hiriko museoak eta beste espazio batzuk berriz irekitzeko abiapuntua

Hurrengo asteei begira, ekainaren 1a jarri da Eusko Jaurlaritzarekin koordinatuta liburutegiak, hiriko museoak eta beste espazio batzuk berriz irekitzeko abiapuntu gisa.

Bilera horretan izan dira Jon Insausti, Kulturako zinegotzia; Jaime Otamendi, Donostia Kulturako zuzendaria; Miguel Martin, Jazzaldiko zuzendaria; Patrick Alfaya, Musika Hamabostaldiko zuzendaria; Susana Soto, San Telmo Museoko zuzendaria; Jose Luis Rebordinos, Donostiako Zinemaldiko zuzendaria; Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendaria; Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendaria; Iker Goikoetxea, Kursaaleko zuzendaria; Ander Aizpuru, Kutxa Fundazioko zuzendaria; Esther Irigaray, Donostiako Aquariumeko zuzendaria; eta Itziar Alkorta, EHUko Udako Ikastaroen zuzendaria.

Eragile horiek guztiek Udalarekin erabat koordinatuta hartu beharreko neurrietan urratsak egiten jarraituko dute, Donostiak herritarren segurtasuna eta babesa uneoro izan dezan, esperientzia atsegina eta erakargarria bermatzeko gune seguruak bilatuz.