Bilbo - Euskal artista gazteen, berrien, lanak ikusgai egitea eta haien lana bultzatzea. Hori da Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Barriek programaren abiaburua. Eta lan horien erakusleiho Rekalde aretoa izango da beste urte batez. 2020ko edizioa -bederatzigarrena- abian da jadanik, atzo aurkeztu eta inauguratu baitzen programa Bilboko aretoan, Natalia Suarez Ortiz de Zarate gasteiztarraren obrak aurkeztu zirelarik.

Bertan Lorea Bilbao foru diputatua bekak jaso dituzten lau artistetako hirurekin batera izan zen, eta Barriek programaren bitartez "gure lurraldeak daukan potentzialaz ohartzea eta sortzaileei daukaten balioa aitor-tzea" dakarrela azpimarratu zuen. Ildo beretik, Rekalde Aretoa "funtsezko sozializazio-tresna" dela gaineratu zuen foru diputatuak.

Olio lanak dira Suarezenak, guztira zazpi pieza. Artistak berak azaldu zuenez, bi momentu ezberdinetan eginiko obrak dira. Formatu handiko pintura egiteko, zazpi hilabete eman zituen Bilbon bertan, bekari esker. Eta formatu txikikoak berriz, hilabete bakar batean egin zituen. Horregatik, desberdintasun handia somatzen du haien artean: "Lehenengoaren kasuan apurka-apurka egin dudala nabaritzen da, sedimentazio puntu bat dago, elementu ezberdinak pilatzen joan dira".

Besteak berriz, formatu txiki edo ertainekoek "bat-batekotasun bat dutela" somatzen duela azpimarra-tzen du Suarezek. Horrenbestez, "irudi bezala tentsio puntua dago ezagu-tzen dugunaren eta arraro edo arro-tza denaren artean. Erakutsi baino gehiago sugeritu egiten dute".

Titulua bere aldetik, Ai, Puna da, sortzaileak gaineratu zuenez, "mal de altura" esateko hitza da hegoamerikan. Izan ere, bere pinturek "badute zeozer mendiarekin lotzen dituena". Gainera, katalogo txiki batek osotzen du sortzailearen obra, Maite Mugerza artistak egina.

Maiatzera arte Natalia Suarez artista gasteiztarraren erakusketa martxoaren 1era arte izango da, eta ondoren, Claudia Rebeca Lorenzo, Ivan Gomez eta Irati Inorizaren txanda helduko da, bakoitzak gutxi gorabehera hilabete batez bere lana erakutsiko duelarik. Hala, atzo hasi eta maiatzaren 24ra arte luzatuko da Barriek programaren bederatzigarren edizioa. Gainera, jarduera osagarriak egingo dira artistekin; hala nola, tailerrak edota publikoari beren lanen "gakoak eta interesa ezagutarazteko" topaketak.