Bilboko Udal Musika Banda Euskalduna Jauregian izango da igandean
BILBO. Hurrengo igandean, otsailaren 2an, eguerdiko 12:00etan, Bilboko Udal Musika Bandak kontzertu bat eskainiko du Euskalduna Jauregian Jan Cober zuzendari holandarraren gidaritzapean. Sarrerak 5 euroko prezioa izango dute.
Coberrek bigarren aldiz zuzenduko du 45 musikaritik gora dituen Bilboko Udal Musika Banda. "Frantziatik Hungariara" izenburupean, auditoriora hurbiltzen den publikoak Cesar de Francken "Le chasseur maudit" poema sinfonikoa, Maurice Ravelen "Pavane pour une infante défunte", Emmanuel Chabrierren "Trois pièces pittoresques", Alexandre Kosmickiren "Turbulences" bezalako obra handiak entzuteko aukera izango du.
Betiko moduan, sarrerek 5 euroko prezioa dute, zenbakidunak dira eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan, www.euskalduna.eus web orrialdean eta Kutxabankeko kutxazainetan eskuratzeko aukera dago.
Musika Banda datorren ostiralean, otsailaren 7an, itzuliko da agertokietara, arratsaldeko 18:30ean. Oraingo honetan, Arriagako J.C. Musika Kontserbatorioan izango da hitzordua eta ikusleek De Santiagoren "Escenas Vascas" eta "Tríptico Vasco" eta Franco Ribateren "Lau Urtaroak" bezalako hiru euskal lan handiez gozatzeko aukera izango dute. Oraingo honetan, Jose R. Pascual-Vilaplana maisuak zuzenduko du "Hurbilketa Euskal Herrira" izeneko kontzertu hau eta Alfonso Viñas tuba bakarlariak eta Bilboko J.C. de Arriaga MKPko ikasleek ere parte hartuko dute.
PROGRAMARAKO OHARRAK
Amando Blanquer-ek hauxe esaten zuen: "Garai bakoitzak eta leku bakoitzak gizaki bat sortzen du". Jan Cober maisu holandarra, Europako zuzendaririk ospetsuenetako bat, berriro etorriko zaigu Bilboko Udal Bandara eta zenbait soinu sentsazio proposatuko dizkigu herrialde baten inguruan, Frantzia, eta bere biztanleen eta eraginaren inguruan. César Franck (Lieja, 1822 - Paris 1890) organista eta konpositore frantziarrak, Anton Reicha-ren ikaslea izan zenak, Le chasseur maudit poema sinfonikoa idatzi zuen 1882an Gottfried August Bürger-en Der Wilde Jäger (Ehiztari basatia) baladan oinarrituta.
Rhin-eko konde baten istorioa kontatzen du: sabbath kristauari aurre egin eta domeka goiz batean ehizara doa eta basoko espirituek madarikatu egiten dute. Musikaren izaera deskribatzailea jatorriz Maurice Ravelek (Ziburu, 1875 - Paris, 1937) pianorako idatzitako Pavane pour une infante défunte ezagunean ere agertzen da. Inpresionismoa eta neoklasizismo bikain bat nahastuta agertzen dira lan honetan eta infanta bat pabana bat dantzatzen ari denean daukan mugimendu liraina dakar gogora, garai hartako moda espainiarraren nostalgia apur batekin (ez dezagun ahaztu konpositorearen ama Euskal Herrian zeuzkala sustraiak).
Saint-Pair-eko hotel batean gaixondoa egiten ari zela, Emmanuel Chabrier konpositore frantziarrak (Embèrt, 1841 - Paris, 1894) pianorako hamar pieza idatzi zituen, Pièces Pittoresques, César Franck-en beraren ustez bikainak zirenak eta Couperin edo Rameau bezalako egileen mailan zeudenak. Gaur entzungo ditugun hiru piezen bandarako orkestrazioa XX. mendeko banda-musikarako musikari frantses garrantzitsuenetako baten lana da, Desiré Dondeyne maisuarena.
Azken urteotan, Alexander Kosmicki konpositore frantses gazteak (1978), Parisko Goi-mailako Kontserbatorioko graduatuak, orrialde garrantzitsuak eman dizkio egungo literatura bandistikoari, Turbulences frenetikoak erakusten duen moduan. Kontzertua amaitzeko, Hungariako folklorean oinarritutako obra bat, baina frantziar estiloan idatzia.
Leo Weiner (Budapest, 1885 - 1960) konpositore eta irakasle hungariar bikaina izan zen eta Mendelssohn edo Bizeten ildo erromantikoari jarraitu zion. Hungarian Folkdance Suite op.18 lanean, Hungariako maisuak bere herrialdeko folklorearen irakurketa emozional eta erromantikora eramango gaitu.
ZUZENDARI GONBIDATUA: JAN COBER (THORN, HOLANDA 1951)
Bere jaioterriko tradizio bandistikoaren jarraitzailea da. Klarinetea ikasiz hasi zen eta Thorn-eko Koninklijke Harmonie bandako kide egin zen. Klarinetea, haize eta metal bandetako zuzendaritza eta orkestrako zuzendaritza ikasi zuen Maastrichteko Kontserbatorioan. Zuzendaritzako ikasketak Willem van Otterlo, Ferdinand Leitner eta Neeme Järvi-rekin zabaldu zituen. Klarineteko irakaslea izan zen Herbeheretako Irratiko Orkestra Filarmonikoan eta Hagako Filarmonikan, eta 25 urtetik gora izan zen Residentie Wind Quintet taldeko kidea.
Kalitate handiko zenbait banda amateur zuzendu ditu Limburgon, bai eta Europar Batasuneko haize taldea eta Nationaal Jeugd Harmonie Orkestra ere; azken hori fundatu ere egin zuen. Mundu osoan ibiltzen da zuzendari gonbidatu modura, Europan, Australian eta Japonian. Zuzendari nagusia izan zen Armada Suitzarreko Bandan eta Rundfunk-Blasorchester Leipzig-en, eta zuzendari artistikoa izan zen Bläserakademie Sachsen-en. Zuzendari artistikoa izan da Zuzendaritzako Europar Institutuan Trenton (Italia), aholkulari artistikoa WMC Kerkrade-n eta zuzendaritzako irakaslea Brabants Conservatorium-en Tilburgon.
Eijsden-eko Santa Zezilia Bandako zuzendaria da eta 2019ko amaieratik, Madrileko Udal Bandako zuzendari titularra da.
ZUZENDARIA: J. Rafael Pascual-Vilaplana
Alcoy eta Valentziako kontserbatorioetan ikasi zuen. Bandako zuzendaritza ikasi zuen Jan Cober eta Eugene Corporon maisuekin. Orkestrako zuzendaritza ikasi zuen Vienan Karl Österreicher eta Hans Graf-ekin. Zuzendari gonbidatua izan da zenbait talde sinfonikotan eta bandetan Alemanian, Argentinan, Belgikan, Kolonbian, Kuban, Eslovenian, Frantzian, Italian, Holandan, Portugalen, Errumanian, Suitzan, Uruguain eta AEBn: Kubako Banda Nazionala, Holandako Gazteen Banda Nazionala, Holandako Errege Marinako Banda, Esloveniako SAF Wind Orchestra, Valléseko O.S., Murtziako O.S., Gaztela eta Leongo O.S., Bilboko O.S., Kanaria Handiko O.F., Bukaresteko O.S., Suitzako Aulos W.B., Alacanteko Udal Banda, Bartzelonako Udal Banda, Madrileko Udal Banda, Palma Mallorcako Udal Banda, Gasteizeko Udal Banda, Tenerifeko Santa Cruzeko Udal Banda, Oviedoko Goi-mailako Kontserbatorioko Banda eta Orkestra, Kanarietako Goi-mailako Kontserbatorioko Banda, Musikeneko Banda€ Hainbat bakarlarirekin egin du lan: Sergei Nakariakov, Pacho Flores, Asier Polo, José Franch-Ballester, Elisabete Matos, Estrella Morente, Manuel Blanco, Claudi Arimany eta abar.
Estatuko eta atzerriko bandek (AEB, Kolonbia, Israel, Korea, Italia, Frantzia, Suitza€) bere konposizioak interpretatzen eta grabatzen dituzte eta Espainiako jaialdiek eta bakarlari ospetsuek (Luis González, Spanish Brass L.M.) sarritan egiten dizkiote enkarguak. Hogeita bost CD erregistratu ditu bandako musika-zuzendari modura.
Lehen saria irabazi zuen Kerkradeko WMCko eta Birminghameko EBBAko Zuzendaritzako Nazioarteko Lehiaketetan (Holanda, 1997, eta Ingalaterra, 2000). 2004an Valentziako Komunitateko Elkarte Musikalen Federazioaren EUTERPE saria eskuratu zuen Bandako Zuzendaritza eta Jairako Musika Konposizioa kategorietan. 2010ean Gaztela-Mantxako Musika Jaialdiak ematen duen "Ignacio Morales Nieva" Musikako Sari Nazionala jaso zuen. 2015etik zuzendari titularra da Bilboko Udal Bandan eta 2018tik Bartzelonako Udal Bandako titularretako bat da. Oportoko Banda Sinfoniko Portugaldarraren zuzendari gonbidatu nagusia da 2012tik aurrera. www.pascualvilaplana.com