Bilbo - "Bizkaiak daukan museo- sarearen garrantzia nabarmendu nahi dugu eta bertan egingo diren jardueren berri eman nahi dugu". Hala adierazi zuen Lorea Bilbao Kultura, Euskara eta Kirol foru diputatuak atzo Bilboko Arkeologia Museoan. Eta hori da hain zuzen ere, lehenbiziz Aldundiko museoek urte osoan zehar antolatzen dituzten jarduerak gida batean biltzeko arrazoia.

Orotara, 400 proposamen eta jarduera baino gehiago bildu dituzte bertan. Bizkaikoak, Bizkaiko museoan sarea kudeatzen eta sustatzen duen sozietate publikoak argitaratu du katalogoa, modu horretan, "Bizkaiko kulturaren, historiaren eta lurraldearen nortasunaren inguruko eskain-tza zabala herritar guztiei erakusteko".

Horien artean, aldi baterako erakusketak, tailer, bisita gidatu, bilduma iraunkor, hitzaldi eta mintegi edo zinema-zikloak biltzen ditu katalogoak. Bilbaoren arabera, "museo-sarearen jarduerak gida batean isla- tzea beharrezkoa zela uste genuelako" argitaratu da lehenbiziz programa bateratua.

Horrenbestez, Bilbaok eta baita Bizkaikoako zuzendari kudeatzailea den Asier Madarietak azpimarratu zutenez, egunero izango dira jarduerak museo-sarea osatzen duten sei museoetan, erakusketa-aretoetan eta ondare-espazioetan. "Bizkaiko historia, kultura eta ondarea ezagutzeko aukera ematen dute, Bizkaiko nortasun-ezaugarriak osatzen dituzten bilduma iraunkorren eta aldi baterako erakusketen bidez".

Doakoa da katalogoa, eta sareko museo eta areto guztietan, Foru Liburutegian eta Bizkaiko turismo bulegoetan dago eskuragai. Horrez gain, Bizkaikoaren webgunean ere deskargatu daiteke.

Aurten izango diren proposamenen artean, Arrantzaleen Museoan Akurio-Elkano 1519-1522 erakusketa eskainiko da. Bertan euskal marinelek munduari lehen itzulia egin zion Magallanesen espedizioan izan zuten presentziari arreta berezia eskainiko zaiolarik. Euskal Herria Museoak bere aldetik, Hemingway & Euskal Herria erakusketa eskainiko du. Bertan, "ikuspegi desberdin batetik" helduko zaio Euskadirekin izan zuen harremanari.

Beste alde batetik, Bilbon dagoen Arkeologia Museoak, euskal arkeologiaren garapena islatuko du, Erraldoien bizkarren gainean: Euskal Arkeologiaren historiografia izeneko erakusketan. Rekalde Aretoak Agustin Ibarrolaren omenezko erakusketa bat inauguratuko du udan. Hala, artistak naturarekin duen erlazioa islatuko da.

Ondare ibilbideak Beste alde batetik, programak hainbat ondare ibilbide biltzen ditu. Hala nola, El Pobaleko burdinolak antolatutako Burdinaren ibilbideak, edota aztarnategi arkeologikoetatik igarotzen diren ibilbide historikoak. Hala, maiatzetik urrira bitartean, Burdinoletako ibilbideak, Urdaibaiko ibilde historikoak eta Bizkaiko zin-ibilbidea izango dira. Arkeologia Museoak bere aldetik, aztarnategietarako irteerak antolatuko ditu Museotik. Beste alde batetik, Gizonen lana, emakumeen lana antzerki bisitak izango dira La encartada fabrika museoak antolatuta, Txakolinaren Museoko dastatzeak edota Museoen Nazioarteko eguna aurkitu daitezke programan, besteak beste.