BILBO. 170.000 bisitari baino gehiago izan ziren Arabako Foru Aldundiaren museotan iaz. Batez ere bisitarien igoera Arte Sakratuaren Museoan Arte Ederren, Natura Zientzien eta Armen museoetan izan da.

Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 17a. 171.729 pertsonak, iaz baino 10.329 pertsona gehiagok, bisitatu dituzte 2019an foru aldundiaren museoak, zeinak Ana del Valek zuzentzen duen Kultura eta Kirol Sailaren Museo eta Arkeologia Zerbitzuaren ardurapekoak baitira. Datu horri Artium museoak izan dituen 91.547 bisitariak erantsi behar zaizkio eta, beraz, 263.276 bisitari izan dira guztira.

Ana del Valen arabera, "datu hauek erakusten dute gure museoak ondo dabiltzala, Arabako kulturaren erritmo berean, oro har; alabaina, kalitatean saltoa emateko unea dela ere adierazten digute. Eta hori egiten ahaleginduko gara".

Datu zehatzei dagokienez, lehenik eta behin, Arabako Arkeologia Museoak eta Fournier Karta Museoak osatzen duten BIBAT museoa nabarmentzen da, 57.264 bisitari izan baititu (2017an --56.372-- eta 2018an -58.589- izandako kopuru bera, gutxi gorabehera).

Bisitari gehien izan dituen hurrengoa, Arabako Arte Sakratuaren Museoa da. Museo hori gotzaindegiak kudeatzen du foru aldundiarekin batera, eta aurten 36.978 bisitari izan ditu, aurreko bi urteetan baino 10.000 gehiago (26.559 bistari 2018an eta 26.782 2017an), eta hori orain arteko kopururik onena da, 2011n izan zituen 44.584 bisitariak baino askoz gehiago.

Hirugarrena Arabako Arte Ederren Museoa da, zeinak 26.674 bisitari izan baititu, 2018an izandako kopuruaren antzekoa (26.334) eta 2017an baino gehiago (22.166).

Arabako Arma Museoak 16.426 bisitari izan ditu. 2018an (14.019) baino 2.000 gehiago eta 2017an (12.578) baino 3.500 gehiago.

Natura Zientzien Museoari dagokionez, 2019an 16.194 bisitari izan ditu; 2018an 15.770 izan zituen, eta 2017an, aldiz, 12.685.

Amarica Aretoak, berriz, 4.636 bisitari izan ditu. Kopuru hori 2018koaren (4.653) eta 2017koaren (4.732) antzekoa da.

Museo eta Arkeologia Zerbitzuak bestelako datuak ere jaso ditu: La Hoya, 5.629 bisitari (5.894 2018an eta 6.701 2917an); Iruña-Veleia, 3.007 bisitari (3.308 2018an eta 3.387 2017an), eta Baronatarren dorretxea, 4.924 bisitari (6.274 2018an eta 5.498 2019an).

Nabarmendu beharra dago Arte Ederren, Natura Zientzien eta Armen museoen bisitari kopuruak marka historikoak hautsi dituela aurten.

Kontuan izan behar da, gainera, 2017a izan zela museo guztiak doan izan ziren lehenengo urte osoa, 2016ko maiatzaren 18an jarri baitzen indarrean doakotasuna. Eta urte horretatik aurrera, bisitari kopurua hazi egin da etengabe: 150.901 bisitari 2017an, 161.400 2018an eta 171.729 2019an.

Kopuru horiei, esan bezala, Artiumek gaur argitaratu duena erantsi behar zaio eta, hortaz, 263.276 bisitari izan dira guztira.