Bilbo - 1934ko azaroaren 13an Fuencarral Antzokian arrakasta handiz estreinatu zen Pablo Sorozabalen La del manojo de rosas zarzuela, Euskalduna Jauregira heldu zen atzo; laurogeita bost urte geroago, Sevillako Luis Fernandez konpainia lirikoaren eskutik.

Hala ere, ez zen bertsio originala eskaini, atzo goizean konpainiako arduradunek azaldu zutenez, La del manojo de rosas duela hiruzpalau urte eskaini bazen ere, oraingoan bertsio berritua ekarri dute Bilbora, konposatzailearen maisulana 70eko hamarkadan girotu dutelarik.

Zergatik? Lorenzo Moncloa eszena zuzendariak azaldu zuenez, "autoreek obra sortu zutenean txertatu zituzten txisteak ulertarazteko", izan ere garaiko pertsonaiekin egin ezkero, jendeak ez lituzke konprenituko. "70eko hamarkadan girotu dugunez baina, jendeak pertsonaiak errekonozitu eta barre egiten du".

"Zarzuela bat berritzearen helburua ez da Ilargian girotzea, baizik eta musika eta bertsioa errespetatuz, ahalik eta gaurkotuen egitea; modu horretan 30eko hamarkadako publikoak bezainbeste disfrutatu ahal izateko, eta autorearen txisteekin barre egin ahal izateko".

Eta klaseen borroka egon zen azken garaira hurreratu dute La del manojo de rosas zarzuela, hau da 70ko hamarkadara, Moncloak azpimarratzen duenez. Gainera, bertsio berritua ez dute edonolako obra batekin egin, Sorozabalen maisulanetako bat ekarri baitzuten atzo hiriburura.

Aurkeztutako bertsioaren nondik norakoak hala laburbildu zituen eszena zuzendariak: "Zarzuelaren esentzia errespetatuz, obra sortu zeneko gaurkotasuna eta distira eman diogu obrari". Hala ere, zuzendariaren aburuz ezin da edonola berritu, "Zarzuela berritzeko, generoa errespetatu behar da. Hori ezin da inoiz ere traizionatu".

Beste alde batetik, Carlos Crooke tenoreak gaineratu zuenez, Sorozabalen zarzuela honek publikoaren babesa jaso du beti. Eta zergatik harrera hori? "Musikalki obra ederra delako". Horrenbestez, Crooken arabera: "Musika kenduta ere an- tzerki lan gisa mantendu egingo li- tzateke; ederra izango litzateke. Eta ez da konposizio on batetara muga- tzen, maitasun istorioa du, umore zoragarria eta publikoa lotuta mantentzen duten egungo erreferen- tziak ere".

Bi ekitaldiko "sainete lirikoak", Moncloak musikal gisa ere definitu zuena, Sorozabal konposatzaile gisa behin betiko finkatun zuen, eta orain, 85 urte beranduago, Carlos Crooke, Lorenzo Moncloa eta César Belda musika zuzendaria izan dira ikuskizun berritzaile hau ondu duten profesionalak.

Antzerkiak eta musikak, bat Konposatzaile gipuzkoarraren maisulana oholtzara eramateko Sevillako Luis Fernandez konpainia lirikoak lantalde "ezinhobea" izan du Moncloaren esanetan. Eta arrazoi argia dago horretarako: Zarzuelako bertsio tradizionaletik at, musikal antza gehiago baitu obrak zuzendariaren aburuz, protagonistek abesteaz gain, aktoreak ere izan behar dutelarik. Hala, "musika eta an-tzerkia uztartzen ditugu".

Bi gai nagusi daude bertan: Espainian izan zen klaseen borroka eta beste alde batetik, amodiozko istorio bat. Edo hobe esateko, "maitasun hiruki bat", Claritaren, Capóren eta Espasaren artekoa. Istorioa Madrilgo auzo batean girotuta dago, eta bertan garaje, taberna, eta La del manojo de rosas izeneko lore denda bat daude.

Bilbora zarzuela ekartzea, publikoaren harrera ona izatea esan nahi du. Edo hala adierazi zuen atzo Crookek: "hiriburuan kultura musikal izugarria baitago, eta zarzuelarekiko gustu handia ere".

Publiko gazteago batentzat ere bideratuta dagoela aipatu zuen, zarzuela tradizional soil bat baino dinamikoagoa baita La del manojo de rosas obraren bertsio hau. Eta ez da kasualitate hutsa, "konpainiak gazteengan arreta berezia jartzen baitu", betiere helburu komertzialetan erori gabe. Zergatik? Zarzuelaren publiko fidela ez dutelako galdu nahi.

Ikuskizunaren alderik berezienak ere aipatu zituen Moncloak. Esaterako, musika. "Buruan grabatuta geratzen da Sorozabal konposatzaileak sortu zuen musika, eta jendeak ikuskizunetik atera bezain pronto buruan abesten du". Eta horrek arrazoi argi bat dauka eszena zuzendariaren aburuz: "Musika bihotzera heltzen dela esan nahi du".