Bilbo - Hotzari eta logaleari aurre eginez, tradizioari eutsiko dio gernikar talde batek datorren astelehenetik aurrera. Errondan ibiliko dira, kalez kale, Gabon aurreko bedera-tziurrena betez. 4:00etan hasiko dira, kopla kantari, egunero. Baina, aldez aurretik, Bizkaian herri gutxik mantentzen duten XVII. mendeko usadioak XXI. mendeko teknologiara egin du salto. Bilboko BBK gelan aurkeztu zuten atzoko Marijesiak 4:00 Bederatzi gau hotzetan egitasmo multimedia, zeinek dokumental, web atari, audio-disko, kopladun liburuxka eta zabalkunde-liburu baten bitartez “Gernika-Lumoko ondarearen ikur nagusienetakoa” erakutsiko duen.

“Marijesien iragan eta oraina” laburbiltzen du egitasmoak. Baina jomuga nagusi bat izan dute. “Tradizio hau batu, gorde eta batera transmititu” nahi dute, “bere balore eta guzti, besteak beste gernikarron identitatearen ikur bihurtu delako eta gainera andren parte-hartzeko eredu modelikoa izan delako, gizonezkoena zen tradizio bat gaurkotu eta era normalizatuan andrazkoen integrazioa bideratu duelako”. Jesusen jaiotzaren berri emateko errondak hastear direla, orain gorpuztu du elkarteak lehendik zuen ametsa: “gure ondarea dena datozen belaunaldiei eskuragarri uztea”. 2018an eta 2019an osatu dute dokumentala, baita beste euskarri guztiak ere, BBKren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jaso dutenak. “Testigantza eta dokumentu asko batu dira, eta proiektua bera bideratzeko XXI. mendeko teknologia erabili beharra egon da, besteak beste erregistro sonoroak, irudiak, euskarri digitalak, metadatuak eta horrelakoak lantzerakoan”, azaldu zutenez. Data “esanguratsua” ere badela zehaztu zuten Denis Azkarate eta Belen Batolome Marijesien eragileek. “Bat dator orain 100 urtekoarekin, Gernikako Goitia inprentak 1919an argitaratu zuenean Pedro Bidaguren Garratzak atondutako Marijesiac. Burus euquiteco diranac izeneko kopladun liburutxua”.

Hala, euskarri desberdinen lagun-tzarekin, Bizkaiko beste txoko ba-tzuetan ere -Ariatza (Muxika), Ibarrangelua, Ea, Iurreta, Lekeitio...- zabaldutako tradizio honen nondik norakoak ondo baino hobeto ematen dituzte aditzera. Horren adierazle da, batez ere, dokumentala. 50 minututako iraupenarekin, eta Marijesiek eta FMK Mediako zuzendutakoa, “gure taldeko hainbat kantariren iruzkinak jaso ditugu”. 37 elkarrizketa izan dituzte guztira. Aitzandari lana bete zutenen ibilbidea ere goraipatu dute, besteak beste euskaltzain izandako Jose Antonio Arana Martijaren senitartekoenak. Testigantzez gain, “artxiboak ere arakatu ditugu”. Hala, Baionako Euskal Museoan edota Bizkaiko Foru Aldundian aritu dira, buru-belarri, antzinako dokumentuak lortzen. Errondak ere grabatu dituzte, “zer egiten dugun ahal bezain gardenen erakusteko”. Gernika-Lumoko hainbat txoko erabili dituzte, azkenik, dokumentalaren grabaketetan. Besteak beste, Segundo Olaeta Musika Eskola.

Zabalkundea “Egiten duguna erakustea” giltzarri izanik, gaur bertan egingo dute aurkezpena, herriko Lizeo Antzokian, 20:30etan. Datorren ostiralean -abenduaren 20an- aukera izango da, “leku eta ordu berean”. Bilboko BBK gelan -abenduaren 19an-, Foruan -abenduaren 23an-, Durangoko Museoaren Etxezarreta jauregian -abenduaren 26an- eta Baionako Euskal Museoaren Argitu aretoan -abenduaren 28an- ere izango da ikusgai.

Baina Marijesien egitasmoa zabalagoa da, anitzagoa. Koplak biltzen dituen audio-diskoa ere plazaratu dute, “benetako errondetan iaz grabatutakoa, 2018ko abenduko 19an, 22an eta 24an, zuzenean eta bizi-bizian, ibilian edo geldian, bere era errealean, bertan kantetan diren hiru melodiak ondo batzeko”. Eta Gernika-Lumoren planoaren bidez aurkezten da “datu osagarriekin”. Orotara “40 pista dira, kantatutako 67 kopla batzeko”. Beste harribitxi bat ere bada: izan ere urdin argiko azala daukan liburuxka, “1919an Goitia inprentak Pedro Bidaguren Garra-tzaren liburua argitaratzerakoan egin zuen diseinuaren antzekoa da. Bertan gaur kantatzen diren 44 ko-pla ageri dira”, partitura eta guzti.

Azkenik, zabalkunderako erabilgarri izan litekeen liburua ere argitaratu dute. “Prentsako argazkilariak utzitako argazkiekin ondo hornituta”, tradizioaren “era zabaltzailean Gernikan hain errotuta dagoen tradizio honen iragana, oraina eta dokumentazinorik garrantzitsuena erakutsi” hani dute, Amagoia Lopez de Larruzeak egina, “gerora begira liburu mardulagoa be argitaratu nahi da, era sakonagoan gaiari buruz dagoan dokumentazio guztia batu eta zabaltzeko”.