2019KO edizioa

Bilboko Udalak antolatutako poesía, saiakera eta ipuin lehiaketen sariak banatu ziren atzo

Juan Mari Aburto alkateak banatu zituen sariak udaletxeko Arabiar aretoan egindako ekitaldian

17.12.2019 | 19:56
Alkatea irabazleekin.

Juan Mari Aburto alkateak banatu zituen sariak udaletxeko Arabiar aretoan egindako ekitaldian

BILBO. Juan Mari Aburto alkateak Bilboko Udalak antolatutako poesía, saiakera eta ipuin lehiaketen sariak banatu zituen atzo goizean. Kategoria bakoitzak idazle ospetsu baten izena darama: Blas de Otero Poesia Lehiaketa, Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketa eta Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa.

Blas de Oterori eskainitako poesia-lehiaketan, Amparo López Pascual Guadalajarako idazlea izan da irabazle gaztelerazko modalitatean, "Ahora soy un pájaro" poema-liburuarekin. Epaimahaiaren iritziz, duen meditazio-izaera egokiagatik nabarmentzen da, eta bertsoaren eraikuntza bikaina egiten du, hitza errealitateen sortzaile gisa aurkeztuta. Ordezkaezin bilakatzen den ikuspegi femeninotik idatzitako poema-liburua da, non hitzen bitartez, irudikatutako paisaia komunak irudikatzeaz gain, poeta agertoki emozional bakarrak eraikitzeko gai baita. Amparo López Pascual psikologoa da lanbidez, baina ipuina eta poesia idazten ditu. Bere poesia-lana aldez aurretik aintzatetsia izan da nazioarteko beste literatura-lehiaketa batzuetan.

Euskarazko modalitateari dagokionez, Eva Pérez-Pons Andrade (Ingeniaritza Elektroniko eta Automatikoan Gradua) Lemoako 23 urteko idazleak jaso du sari nagusia, "Zaharkitzapen programatua" lanarekin. Kasu honetan, epaimahaiak bere forma eta hizkera berriak baloratu ditu, eta liburuaren egitura sendoa nabarmendu du, gaurkotasunaren eta feminismoaren ildotik, gure garaiko bizimoduari buruz gogoeta eginarazten diguten poema deserosoak eskaintzen baititu. Lantzen dituen gaien artean, mendekotasunak eragindako indarkeria pasiboa, erromantizismoa edo diruzalekeria nabarmentzen dira.

Blas de Otero Poesia Lehiaketaren edizio honetan 528 lan aurkeztu dira, horietatik 15 euskaraz. Asko etorri dira Europatik, Estatu Batuetatik eta Latinoamerikatik eta horrek frogatzen du guztiz sendotuta dagoen lehiaketa honen nazioarteko izaera. Irabazle bakoitzak 5.500 euro jasoko ditu.

Raúl Rodríguez Ferrándiz alacantarrak, berriz, Miguel de Unamuno saiakera-lehiaketaren XX. edizioko gaztelaniazko saiakeraren kategorian irabazi du, "Magias de la ficción" izeneko azterlanarekin. Epaimahaiak nabarmendu du sakontasun teoriko eta filosofikoarekin fikzioaren eta gezurraren arteko harremana arakatzen duen ikerketa dela, hori guztia, kalitate literario nabarmenarekin, adibide anitz eta ondo kontatutakoekin. Raúl Rodríguez Ferrándiz Espainiar Filologian doktorea da, eta Masen Komunikazioaren Semiotikako irakasle titularra Alacanteko Unibertsitatean.

Euskararen kategorian, Xipri Arbelbide Mendiburu apaiz, aditu, idazle eta Iparraldeko kazetariarentzat izan da sari nagusia, "Oilarra Kukuruka" lanagatik. Kasu honetan, epaimahaiak modu positiboan baloratu du haren irakurketa atsegina, testuak sortzen duen atmosferaren ondorioz. Argudio eta arrazoiak ekartzeaz gain, Baionako Elizbarrutiaren historiaren errepasoa egiten du egileak 60ko hamarkadatik gaur egunera arte. Saritutako entsegu bakoitzak 6.000 euroko saria jasoko du eskudirutan. Miguel de Unamuno Saiaketa Lehiaketaren edizio honetan 109 lan aurkeztu dira gaztelaniaz eta 10 euskaraz.

IPUIN LEHIAKETA

Azkenik, Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren XXXVI. edizioak gaztelaniazko sari nagusia eman dio Carlos Schilling idazle argentinarrari "La muerte en Venecia (John Cheeverrek berridatzia)" kontakizunagatik. Epaimahaiak azpimarratu duenez, asmo handiko proposamen originala da, eta bi garai eta bi literatura-estilo uztartzen ditu, begirada bikoitzetik (narratiboa eta autokontzientea) eguneratuta. Bere balorazioaren arabera, kontakizun estimulatzaile, metaliterario eta intertestuala da, hain konplexua den ariketa batean izan daitezkeen arriskuak saihesten dituena, emaitza magistrala eta ñabarduraz betea lortuz.

Euskarazko ipuinen modalitatean, Iñaki Irasizabal Izagirrerentzat izan da saria, "Epailearen aginduz" lanagatik. Kasu honetan, epaimahaiaren iritziz, txalogarria da ipuinaren "biribiltasuna", nola elementu guztiak behar bezala mihiztatuta dauden eta amaiera bikain batera daramaten, non kontakizunari beste argi bat ematen dion. Saria 3.500 eurokoa da, modalitate bakoitzean.

Epaimahaiak, gainera, 1.750 euroko lau akzesit eman dizkie Goiatz Labandibar Arbelaitzi ("Senide kontuak") eta Asier Serrano Lasari ("Gure Gernika galduak") euskarazko ipuinen kategorian, eta Carlos Garcia Burgosi ("El desentierro") eta Santi Perez Isasiri ("Hijomuerto") gaztelaniazko ipuinen kategorian. Azken edizio honetan 1.422 lan aurkeztu dira, 1.347 gaztelaniaz eta 75 euskaraz.

Blas de Otero-Bilboko Uria Poesia Lehiaketa, Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketa eta Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa urtero deitzen ditu Bilboko Udalaren Kultura Sailak, literatur jarduera sustatzeko eta talentu berriak aurkitzeko, eta hiru egile bilbotarren memoria eta lana bizirik mantentzeko.