BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIA

Aurten 3.921 film labur, 131 herrialdekoak, izena eman dute Zinebin

Nabarmentzekoak dira estatuko, Frantziako, Alemaniako eta Aebetako produkzioak

09.02.2020 | 14:23
Zinebi.

Nabarmentzekoak dira estatuko, Frantziako, Alemaniako eta Aebetako produkzioak

BILBO. ZINEBI, Film laburraren eta dokumentalaren espezialitatean Estatuan A Klasea duen nazioarteko jaialdi bakarra da, 1974tik FIAPF erakundeak (Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioa) aintzatetsia. Hollywoodeko Akademiak Oscar Sarien kalifikatzaile gisa hartzen du, sariketa ofizialeko film laburren artean, eta Britainia Handiko BAFTA Sarietarako eta Espainiako Zine Akademiako Goya Sarietarako jaialdi kalifikatzaile ere bada.

131 herrialdetatik heldutako lanen jatorriari dagokionez, ohikoa denez, Estatua azpimarratu behar da (785 film, horien artean Euskal Herriko 116), eta ondoren Frantzia (320), Alemania (250), EE.BB. (157) Erresuma Batua (136) eta Italia (84) datoz. Eremu latinoamerikarrari dagokionez, film labur gehienak Brasiletik (174), Argentinatik (143) eta Mexikotik (76) heldu dira, baina baita azpi-kontinenteko beste herrialde batzuetatik ere, Kolonbiatik (59), Txiletik (53), Kubatik (36), Costa Ricatik (7) eta Guatemalatik (3), besteak beste.

Zine produkzio urria eta mendebaldeko ikus-entzuleentzat ia ezezaguna duten herrialdeen artean, hauek azpimarratu behar dira: Albania (3), Andorra (2), Azerbaijan (3), Guatemala (3), Jordania (2), Kirgizistan (3), Moldavia (2), Zeelanda Berria (5), Pakistan (3), Qatar (3), Tajikistan (1), Uzbekistan (2) eta Vietnam (3). Herrialde eta gune geografiko eta kultural anitzen partaidetza horrek zinemaldi beterano honen nazioarteko izaera nabarmentzen du, berriro ere.

Azkenik, eta zinemaldiaren araudian ezarritako hiru kategoriak kontuan izanda, izena emandako filmen kopurua hau izan da: 2.476 fikzio, 940 dokumental eta 505 animazio, eta horien artean aukeratuko dira azkenean nazioarteko lehiaketan parte hartuko dutenak.

Horrela, ZINEBIk bere nortasun zeinu nagusietakoari eusten dio, bost kontinenteetako zuzendarien sormena eta talentua bultzatuz, formatu horretako aukeraketarekin. Beste urte batez, mundu osotik etorritako kalitatezko film laburrak erakutsiko dizkie Bilboko ikus-entzuleei. Gainera, ZINEBIk berriztatu egin gura du zine independearekin duen konpromisoa, eta baita zine garaikidearen prozesu artistiko konplexuak eratzen dituzten joera eta lengoaia berriei eta zinegileen exigentzia etiko eta estetiko maila altuari ematen dien arreta ere.

Guztiak Bilboko Jaialdiko Sari Nagusia (7.000 €) eta lehiaketan parte hartzen duten hiru generoetako Mikeldi Saria lortzeko lehiatuko dira: fikzioa, dokumentala eta animazioa (5.000 € kategoria bakoitzeko). Sari horiez gain, Euskal Zinearen Sari Nagusia (6.000 €), Zine Espainiarraren Sari Nagusia (6.000 €), SGAE Fundazioa-Euskadiko Kontseilua Saria Euskal Gidoi Onenari (3.000 €) eta EITBk babestutako Ikus-Entzuleen Saria (3.000 €) lortu ahal izango dira, beste batzuen artean.