BILBO. Amateurrak profesional bihurtzeko baliatu dezakeen giltza da Benito Ansola, euskarazko zinemagintza bultzatzeko. Irabazleak, 3.000 euroko saria jasotzeaz gain, bere lanaren gaineko ikusmira sortuko du, Euskal Zine Bileran estreinatuko baita gauzatzen duen proiektua.

Bostgarren edizio honetan parte hartu nahi duten gazteek, proiektuak (fikzioa, sortzailea, animazioa edota dokumentala) 2019ko irailaren 20a baino lehen aurkeztu behar dituzte. Benito Ansola Sarien oinarriak hemen daude osorik eskuragarri.

Saritutako proiektuaren izena 2019ko Lekeitioko Euskal Zine Bilerako itxiera ekitaldian jakinaraziko da, azaroaren 30ean. Irabazleak, izendapena jaso eta 2020ko irailaren 4ra bitarteko epea izango du ikus-entzunezkoa bukatu eta antolakuntzari helarazteko.

Hainbat berrikuntza ekarriko ditu V.edizioak

Bosgarren edizio honetan, hainbat berrikuntza gehitu dira sariketaren oinarrietan. Tartean, irabazlea aukeratzeko prozesuan, hiru lanen aurre-aukeraketa bat izango da. Hauen egileek, Lekeition ospatuko den Euskal Zine Bileran aurkeztu beharko dute proiektua epaileen aurrean.

Horien artean erabakiko da V. edizio honetako irabazlea. Saritutako proiektuaren izena Euskal Zine Bilerako itxiera ekitaldian jakinaraziko da, eta 10 hilabeteko epea izango du aurkeztutako proiektua burutzeko.