BILBAO. Euskal Idazleen Elkartea eta Euskaltzaindia elkarlanean arituko dira hurrengo bost urteetan. Hala adostu zuten atzo Euskararen Akademiaren Bilboko egoi-tzan sinatutako hitzarmenean.

Modu horretan, bi erakundeen arteko elkarlana “euskararen eta euskal kulturaren sorkuntza, sustapen, garapen eta zabalkundearen alorretan proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da”. Garbiñe Ubeda, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu zuten akordioa, “bi erakundeek elkar aditurik egin beharreko lanen nondik norakoak zehazten” dituelarik.

Urrutiak adierazi zuenez, “bi erakundeok aspalditik daukagu euskararekiko eta euskal kulturarekiko kezka, eta ardura hau ez da partekatzen dugun gauza bakarra”. Garbiñe Ubeda ere ildo beretik joan zen eta hitzarmenarengatik pozik agertu zen atzo, elkarlanaren garrantzia azpimarratuz: “Geure zilborrari begiratzeari utzi eta indarrak batu behar ditugula oso garbi dugu EIEko Zuzendari- tza Batzordean”. Gainera, bi erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa dela azpimarratu zuen Ubedak: “Akademiak idazleen lana behar du, idazleek akademiaren lana behar duten bezala”.

Hala, hitzarmenak ardatz anitz ditu; horien artean bi erakundeek publikatzen dituzten argitalpenak elkarren artean trukatzeko konpromisoa hartzea, “euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean egitasmoak partekatzeko konpromisoa hartzea”, edota Euskal Idazleen Elkarteak konpromesua hartzea edozein direla gramatika, lexikografia, ortografia, onomastika eta euskalkien erabileraren inguruko kon-tsultak, Euskaltzaindiari egingo dizkio, aldi berean Euskararen Akademiak erantzuteko konpromisoa hartu edo bideratzera konprometitzen delarik. - DEIA