BILBO. Kalakan taldearen “Mendeala” bira bihar hasiko da Aian. Euskal taldeak “Mendeala” diskoa aurkeztuko du. Alexander Arkhincheev musikaria ere igoko da agertokira euskal hirukotearekin.

Birak uztailaren 21ean jarraituko du, Bidaxunen; 25ean Arrasaten eta 26an Hendaiako Abadia jauregian.

Kontzertu horiekin Kalakan taldeak euskal kultura beste kultura batzuekin uztartuko du berriro; oraingoan, Buriatiako errepublikako (Siberia) kulturarekin, hain zuzen. Horretarako, dagoen hizkuntzarik unibertsalena baliatuko dute: musika.

Alexander Arkhincheev egungo Buriatiako kantari difoniko onenetakoa da eta Buriatiako abesti zaharrak moldatzen eta konposatzen ditu. Kantu armonikoaren soinu zakarrak bizitzaren ahotsik sakonenak ekartzen ditu gogora, eta entzule bakoitzaren barruko ariman bizi diren espirituak animatzen ditu. 2017ko abenduan, Kalakanen eta Alexanderren arteko musika batasunak harrera ezin hobea izan zuen. Bi tradizio desberdin baina, era berean, osagarri baliatuta abestiak eta instrumentuak nahastu zituzten.

Kalakan kontzertuan

Lehenengo notak entzuten direnetik giroa berotzen hasten da. Argiak eta dekorazio apalak hirukotean eta euren musikan jartzen dute arreta. Eszenaratze dotore batekin, Kalakanek entzuleak eta musikariak biltzen ditu musikaren eta musikak eskaintzen dituen sentsazioen inguruan. Iraganari errespetua diote eta egindakoaz harro daude; hala ere, hiru artista euskaldunek segurtasunez begiratzen diote etorkizunari, milaka urte dituen kulturaren modernitatea orainaldian inskribatzeko. XV. mendetik gaur egunera arteko abestien errepertorio bat eskaintzen dute, euren konposizio propioekin batera.

Hori guztia “dardaraz”, “emozioz” eta “energiaz” betetzeko, euren ahotsekin eta danborrekin batera, sonoritate esoterikodun instrumentu tradizionalak erabiltzen dituzte, hainbat mendetatik hona “garaikideak” direnak, besteak beste: txalaparta, txirula, alboka, panderoa, xilintxa?

“Mendeala” diskoa taldearen webgunean eskuratu daiteke: www.kalakan.eus