BILBO. Irati Urrestarazuren erakusketa, "Laurogeita hamargarrenean", Rekalde aretoan izango da ikusgai irailaren 1era arte. Erakusketa ‘Barriek 2019´ programaren barruan kokatuta dago. Bizkaiko Foru Aldundiaren arte sorkuntzarako bekak jaso dituzten artisten lanakerakutsi nahi ditu Aldundiak.

Artistaren ekoizpenak berezkoak dituen objektu eta elementuen instalazio modukoa da erakusketa hau. Javier Arbizuk azaldu duenez, "Iratik guri mintzatzeko hartu duen ikuspegiak zerikusia du errotik eremu piktorikoarekin, hau da, irudiek eragiten diguten bakartzearekin. Haren lanak esperientzia fisiko ia psikodelikoa sortzen du: bat-batean koloreen mundu batean eta gogo aldarte jakin batean murgilduta aurkitzen zara".

Eta hau erantsi du: "Iratiren lanek badute halako poetika bat, baliorik ezarena, porrotarena, errorearena edo betetasuna lortzeko ezintasunarena. "Txarto lan egiten dut nahita", dio Iratik, eta nik ulertzen dut zintzotasun ariketa egiten ari dela, objektua subjektuaren nahien mendean jartzeaz harantzago (ideiak gauzetara itzultzea). Zerikusia du, nire ustez, munduarekin harremanak izateko moduarekin. Entzuketatik hurbil dagoen praktika da. Gauza materialekiko elkarrizketa. Estimulu bati emandako erantzuna".

Irati Urrestarazu Zubizarretak (Altsasu, 1989) UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatean eta UCLMn ikasi zuen. 2014az geroztik Okela Sormen Lantegiko kidea da, eta 2019an arte plastikoetako GetxoArte erakusketaren komisarioa izan da Sahatsa Jauregirekin batera.

2019an BilbaoArteren egoitza-beka jaso du eta 2017an Bizkaiko Foru Aldundiaren sorkuntza-beka lortu zuen. Hainbat erakusketatan parte hartu du, besteak beste Iruñean, Altsasun, 2017ko GetxoArten, Manchesterren, Valentzian eta Cuencan.