Bilbo - 2018an Ertibil Bizkaia ekimeneko saria irabazi zuten Maria Muriedas, Izaro Ieregi eta Maider Gonzalo artisten lanak ikusgai daude Berreginen Museoan, hala, Japonian egindako egonaldian burututako artelanak erakutsiko dituztelarik.

Modu horretan, KAO. Lora, Sandia eta Printzesa izeneko erakusketan, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutakoa, hiruren lanak aurkeztuko dira; eta irailaren 1era arte izango da Bilboko Museoan, atzo azaldu zutenez.

Lorea Bilbao Kultura eta Euskara diputatuaren arabera: “Ertibilek 37 urte dituen arren, pauso bat harago joan gara oraingoan, eta Bizkaiko talentua lurraldean sustatzeaz gain, nazioartean ere ikusgarri egin dugu”. Izan ere 2018an abiatutako ekimena da Japonian egindako egonaldi artistikoarena. Gainera, Bilbaoren arabera: “Egonaldi artistiko hauekin egin nahi dena, artistek bizitako esperientzien bitartez lana hobetzea eta garapen profesionala izatea da, eta hala, kultura trukea sortzea”.

Hala, Muriedasen kasuan, Tokioko Youkobo Art Sapen egindako egonaldian sortutako Triple X proiektua aurkeztu zuen, bere belaunaldiko pertsonekin topaketak izan ondoren argazkigintzaren testuinguruan “poseekin” zerikusia duten jokaerak aztertuz. 2018ko irabazlearen arabera: “Egonaldiak nire lanekin jarraitzeko aukera eman dit”.

Bigarren saridunak bere aldetik, Izaro Ieregik, hiru obra aurkeztu zituen: Txandal, Japan night album eta Myako; Museoko bigarren pisuan daudenak. “Niri identitatea interesatzen zait, gehienbat gorpu-tza eta biolentziaren artean bitartekari lana egiten duena. Horiek argazkietan eta bideoetan erregistratzen ditut”, Ieregiren esanetan. Gainera, “aurretik finkatutako idearik gabe” joan zen Japoniara, izan ere sorpresa handia izan zen berarentzat saria irabaztea; zeinak aurtengo Ertibil Bizkaia ekimenean berriro ere saritua izatea lortu duen, hirugarren postua lortuz.

Azkenik, Maider Gonzaloren kasuan, 2018an hirugarren postua lortu zuen eta, Dragoi formako makila hartu duen gizona proiektua aurkeztu zuen atzo, Japoniako egonaldian ateratako argazkiez osaturiko lana hain zuzen ere. Gonzaloren arabera: “Esperientzia ezinobea izan da egonaldi artistikoa, eta errepikatzea gustatuko litzaidake”.

Gainera, lan horien guztien azalpenak biltzen dituen katalogo bat osatu dute, Izaskun Araluzeak idatzitakoa, zeinean hiru poster eta postal bat egongo diren; Museoan bisitari guztien eskura jarriko direnak. Horrenbestez, Bizkaian lehenengo aldiz egiten den argitalpen artistikoa irudikatuko da, 40 postalezko irudik osatuko dutena.

Japoniako egonaldia 2018an jarri zen abian lehenengo aldiz Japonian egonaldi artistikoa egitearen ekimena, modu horretan artistek haien proiektuak burutu ahal izateko. Horrenbestez, izandako arrakasta eta gero, aurten berriro jarriko da martxan, eta 2019ko irabazleak: MawatreS -Juan Pablo Ordúñez artista-, Borja Gómez eta Izaro Ieregi, ekainaren 25ean herrialde asiatikora abiatuko dira, bakoitzak bere proiektua martxan jartzeko. Hala ere, 2018ko ekainean, uztailean eta abuztuan Tokion eta Fukiokan izan ziren arren, aurten Tokiora bakarrik joango dira artista irabazleak.