BILBO. Eskola Antzerkiaren Gala Tradizionala hurrengo igandean ospatuko da Arriaga Antzokian. Ekitaldia arratsaldeko 17:30ean hasiko da eta zazpi antzezlan izango dira ikusgai: “Trocitos de Lorca” , Txurdinaga Behekoa Institutua; “Eta guk, zer egin dezakegu” Arangoiti Ikastetxea; “Marilu panpina” eta “Hau nahastea” Epalzaren alarguna Eskola; “Bilbo, Bilbo” Artxandape Ikastola; “La pequeña lectora” El Ave María Ikastetxea; eta “Everything alright, sir?” Ikasbide Ikastetxea.

Eskola Antzerki Lehiaketa, protagonistak ikasleak diren antzezlan lehiaketa da. Antzezlanak, moldaketak edo eurak asmatutakoak izan daitezke. Bilboko 11 ikastetxe publiko eta pribatutako 350 ikasle baino gehiagok hartu dute parte lehiaketaren hemeretzigarren edizio horretan, eta 21 antzezlan aurkeztu dira.

Lehiaketa 1995ean jarri zen martxan, umeen artean Arte Eszenikoak sustatzeko helburuz. Dirutan ematen diren sariez gain, parte hartzen duten ikastetxe guztiek 300 euroko ekarpen ekonomikoa jasoko dute, ikasturtean zehar egin beharreko muntaketetan laguntzeko. Baina, gainera, kategoria bakoitzeko antzezlan irabazleek euren sorkuntza lanak Arriaga Antzokiko agertoki pribilegiatuan aurkeztu ahal izango dituzte ikus-entzuleen aurrean.