BILBO. Bilboko Udalaren eskutik datorren "Eztabaidak Literaturarekin" ekimenak, Arantxa Urretabizkaia idazlea eta Asier Serrano idazle eta musikaria elkartuko ditu datorren asteartean, urtarrilak 23. "Euskal literatura: Bi begirada, bi belaunaldi" izeneko saioaren baitan, arratsaldeko 19:30ean jarriko da martxan ekitaldia, Bidebarrietako liburutegiko aretoan. Betikolez, sarrera librea izango da eserleku guztiak bete arte, eta honakoan, Goizalde Landabaso idazle eta kazetaria arituko da moderatzaile gisa. Bidebarrieta Kulturgunearen "Eztabaidak Literaturarekin" egitasmoak datorren asteartean ekingo dio berriro letrekin duen hileroko hitzorduari, eta Arantxa Urretabizkaia idazlearekin eta Asier Serrano idazle eta musikariarekin egingo du. Biek ala biek 2017ko Euskadi Literatur Saria eskuratu dute, euskarazko saiakera ("Bidean ikasia") eta poesia ("Linbotarrak") modalitateetan, hurrenez hurren.
Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947) euskal letra garaikideetako izen nabarmenenetakoa da. Historian lizentziatua eta Euskaltzaindiako kidea, hainbat komunikabidetan aritzen da. 1972an argitaratu zuen "San Pedro bezperaren ondokoak" poema luzearekin egin zen ezaguna literaturaren arloan. Hamar urte geroago Espainiako Kritikaren Sari Nazionala irabazi zuen bere bigarren poema liburuarengatik, "Maitasunaren magalean".
Narratzaile gisa haur eta gazte literatura landu ditu, eta zenbait eleberri ere idatzi ditu. Zinerako gidoiak ere idatzi ditu, besteak beste, "Albaniako konkista", "Lauaxeta" eta "Zergatik Panpox" filmeenak; azken hori, izen bereko bere eleberriaren pantaila handirako moldaketa da. Saiakerako Euskadi Saria irabazi duen "Bidean ikasia" saiakera lanean, Hondarribiko alardearen (Gipuzkoa) kronika eta lekukotza lazgarria eskaintzen du.
Bestalde, idazle eta musikari izateaz gain, euskal literatura irakasle ere bada Asier Serrano (Eibar, 1975). Oso gaztetan hasi zen poesia idazten, eta letragile eta abeslari gisa, Lorelei eta EH Sukarra taldeekin egin duen lan.
Kontakizunak, poemak, eleberriak eta antzezlanak idatzi ditu, eta iaz Euskadi Literatur Saria irabazi zuen "Linbotarrak" poesia liburuarekin. Bertan, "gizartearen poesiazko freskoa" eskaintzen du, ukitu surrealistekin eta poparen eta poesia filosofikoaren eraginekin.