Síguenos en redes sociales:

Mugikorraren morrontzaz

Telefono mugikorrekiko bizi dugun menpekotasuna agerian utzi nahi izan dute Amaia Lizarraldeketa Olatz Beobidek ‘Nomofobikak’ webseriean. Izen bereko antzezlana oinarrian, kritika sozialzorrotza egin dute sarean ikusgai dituzten sei ataletan, umorearen eta surrealismoaren bidez

Mugikorraren morrontzazNOMOFOBIKAK TALDE SORTZAILEA

Teknologia berriekiko menpekotasunaren gaiari eutsi diote Amaia Lizarraldek eta Olatz Beobidek; zehazki, mugikorraren dependentziari. Beraiek dira Nomofobikak izeneko webseriearen protagonistak. “Ideia brainstorming batekin hasi zen -kontatu du Lizarraldek-. Bertan, gure errealitatetik hartutako ideiak bildu genituen, eta, guztietan, teknologia berriekiko menpekotasuna presente zegoen. Adibidez, casting batera joaten bazara, Facebook-en zuk baino jarrai-tzaile gehiago duen aktorea aukeratzen dute. Hortik abiatuta, lanari ekin genion”.

Nomofobikak webseriea izen bereko antzezlanetik jaiotako egitasmoa da. Hain zuzen, 2016ko Poltsikoko Antzerki Jaialdirako sortutako Nomofobikak, sarean kateatuak antzezlana du oinarri. “Arrakastatsua izan zen antzezlana, eta hor hasi zen dena, horrek animatu gintuen webseriea egitera”, kontatu dute aktoreek.

KRITIKA SOZIALA Atal ezberdinetan, nomofobikak diren eta mugikorrik gabe etxetik atera ezin duten lagun bien gorabeherak kontatzen ditu webserieak. Menpekotasuna gainditzeko terapian hasi eta bertan ezartzen dizkieten baldintzak gainditu beharko dituzte protagonistek. Egungo gizarteari kritika soziala egitea da Lizarralde eta Beobideren helburua. “Sakelakoa zoragarria izan daiteke, askotan lagungarria, baina arriskutsua ere bai, menpekotasuna tartean dagoenean”, ohartarazi dute. Izan ere, sare sozialekiko dependentziak bakardadea eta gizakien arteko komunikazio eza handitzen lagundu ahal duela uste dute. Mugikorrarekiko menpekotasuna gainditzeko “makillatxo magikorik” ez dagoela ziurtatu dute. “Azken finean, oreka bilatzean da-tza gakoa. Konturatzea aurrean dituzun pertsonak garrantzitsuagoak direla”, nabarmendu dute.

Horretaz guztiaz ohartarazi nahi izan dute haien lanaren bidez, horretarako, umorea eta surrealismoa erabiliz. “Umorea oso tresna eraginkorra da, beti ematen du bidea norbaitengana hurbiltzeko, bere aurrean gorputza eta burua beste modu batean kokatzen dira. Eta surrealismoak kolore askotako umorea baimentzen du, errealitatea baino haratago heltzeko aukera ematen dizu. Adibidez, telefono bat bota ahal duzu, eta beste pertsona batek munduko beste puntan jaso ahal du”, azaldu du Lizarraldek.

Guztira, sei atal errodatu dituzte, baina momentuz Youtube-n lehen bostak daude ikusgai. Bilbao Seriesland webserieen jaialdian aurkeztu zuten proiektua. “Hilabetean behin atal bat grabatu genuen. Gidoia prestatzea, editatzea eta hobetzea uste genuen baino prozesua luzeagoa izan da. Orain, webseriea zabaltzen ari gara”, kontatu du Beobidek. Jendearen erantzunarekin oso pozik daudela ere kontatu du. “Gehiago eskatzen du publikoak”.

Atal bakoitzean bakarrizketak eta sketch-ak nahastu dituzte. Lehenengoak protagonistak terapian daudenean erabiltzen dituzte, ikusten ez den terapeutarekin. Eta bigarrenak pertsonaien bizipenak irudikatzeko darabiltzate: mendi punta batean, jatetxe batean edota hondartzan, esaterako. “Barneko guneak erabili ditugu gehiago, grabaketa errazagoa baitzen”, azaldu dute aktoreek. Egoera guztiak egunerokotasunetik atera dituzte, egunkarietan informazioa bilatuz, lagunen artean galdetuz edota ispiluaren aurrean norberaren ohiturak aztertuz. “Jendeak errekonozitu egiten ditu egoerak, ez dira zien-tzia fikziozkoak”, ziurtatu du Lizarraldek.