Felipe Juaristik, Juan Ramon Makusok, Pello Otxotekok eta Aritz Gorrotxategik aspalditik ezagutzen dute elkar. Are gehiago, honakoa ez da kulturaren plazan elkarrekin ageri diren lehen aldia; Gorrotxategik kontatu duenez, laukoteak aspaldi ekin zion literaturarekin loturiko lankidetzari, poesia topaketak eta irakurketak antola-tzeari, batez ere: “Badira hamar urte Poesia eta Pentsamendua jardunaldiekin hasi ginela Durangon eta Donostian, eta lankidetza horretan pauso bat harago ematea erabaki dugu orain”. Gorrotxategik jakitera eman duenez, gainera, bosgarren konplize bat ere gehitu dute proiektu honetan, Imanol Larrinaga margolaria, hain zuzen.
POESIA ARDATZ
“Kalitatezko liburuak kaleratzeko helburuarekin” atera da plazara Balea Zuria argitaletxea. Poesiari ate bat zabaltzeko nahiak elkartu ditu bere bost kideak. Hala, batez ere poesia izango du ardatz egitasmo berriak, baina saiakera literario laburrak ere argitaratuko dituztela aurreratu du Gorrotxategik: “Egia da poesia irakurleak ez direla asko, eta egia da, halaber, poesia liburuek behera egin dutela kopuruan azken urteotan. Hala ere, zaindu egin nahi ditugu irakurle horiek, bai eta berriak erakarri ere. Liburu ezberdinak argitaratu nahi ditugu, nortasuna duen ildo bati eutsi eta, aldi berean, ahots ezagunak eta ezezagunak tartekatu. Azken batean, poesia-lan txukun eta kalitatezkoak atera nahi ditugu”.
Lan dinamikaz galdetuta, “dena denen artean” egiteko intentzioa du boskoteak. “Denon artean banatuko dugu lana -kontatu du Gorrotxategik-. Lau idazleok liburuaren prozesuaz arduratuko gara: irakurketa, edizioa? Banaketaren zati bat ere gure esku geratuko da. Bestalde, liburuari bultzada bat ere eman nahi diogu, haren inguruan ekimenak antolatu: aurkezpenak, errezitaldiak, hitzaldiak... Irakurlearengana ahalik eta gehien hurbildu nahi dugu”, gehitu du idazle donostiarrak.
Taldean margolari bat izanda, kaleratu dituzten aleak “liburu hutsak baino zerbait gehiago” izango direla aurreratu du Gorrotxategik. “Liburua garrantzitsua iruditzen zaigu objektu bezala. Zentzu horretan, sorpresa txiki bat ere izango dute gure liburuek, artisau lanarekin lotuta. Imanolek liburuaren azaleko irudiak egingo ditu, gainera. Argitaletxearen logoa ere harena da”.
LEHENA, LUIS GARDE
Kopuru aldetik helburu zehatzik ezarri ez badute ere, bidea poliki-poliki abiatzea da Balea Zuria argitaletxeko kideen asmoa. Momentuz, urtero bizpahiru liburu kaleratuko dituztela aurreratu dute. Lehen alea atzo bertan aurkeztu zen Luis Garderen Barbaroak baratzean poemarioa da. Luis Gardek (Iruñea, 1961) olerkien arloa landu du batik bat, baina, 2015ean, Ehiztariaren isilaldia plazaratu zuen narratiba arloan, hurrengo urtean Euskadi Saria irabazi zuena. Olerkigintzari dagokionez, oso idazle saritua izan da Garde. Besteak beste, 2014an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Xabier Lete Poesia saria jaso zuen, Eremuen birkalifikatzea lanari esker. “Luis Garde idazle aski ezaguna da gurean, ibilbide oparoko poeta”, nabarmendu du Gorrotxategik, Barbaroak baratzean lanean “apustu arriskatua” egin duela adieraztearen batera: “Gardek liburu ezohikoa idatzi du, landua, sinbolismoz betea, erpin askokoa”.
Barbaroak baratzean da, momentuz, Balea Zuriaren katalogoan aurkituko dugun titulu bakarra, baina laster etorriko dira gehiago, arduradunek jakitera eman dutenez. “Baditugu beste zenbait proposamen esku artean, eta lanean ari gara. Facebook-en ere bagaude, eta web orria aurki izango da martxan (www.baleazuria.com)”, gaineratu du Gorrotxategik.
Literatur lanak kaleratzeaz gain, DK poesia lehiaketa ere jarri du martxan argitaletxe berriak, Donostia Kulturaren laguntzarekin. 35 urtetik beherako idazleei zuzenduta, poeta gazteak “arrantzatzea” da lehiaketaren helburua, Gorrotxategik dioenez: “Uste dugu lehiaketa aukera ona dela bere burua ezagutarazi nahi duten egile hasiberrientzat. Teknologia berriak hor daude, eta eragin handia dute, baina, zoritxarrez edo zorionez, liburuak bihurtzen du idazlegaia idazle. Gainera, sariaren barruan lan saritua argitaratzea dago. Sari bikoitza, beraz”.