“Doinu berri bat erabiltzean hautu estetiko eta ideologikoa egiten du bertsolariak”
Maialen Lujanbiok doinuaz eta kantaeraz hitz egin zuen ostegunean “esperientziaz eta intuizioz” betetako mintzaldian
donostia - Bertsolaritzan, testuak ez ezik, erabiltzen den doinuak ere garrantzia handia du, eta horren indarrak duen eragina azaldu zuen pasa den ostegunean Maialen Lujanbio bertsolariak, Miramar Jauregian EHUk antolatu dituen Uda Ikastaroetan. Mintzolak prestatutako Bertsolarien kantaera eta sormena ikastaroa goiz horretan hasi zen, eta kantaerari zuzendutako jardunaldiaren barruan, Lujanbiok doinuaz hitz egin zuen bere hitzaldian, “esperientziaz eta intuizioz” prestatutakoa, eta bertsolari ezberdinen bertsoetatik hartutako adibidez betetakoa.
“Doinua mezuaren garraiobidea da, baina bere parte ere izan daiteke, horretan pentsatu duenarentzat hautu bat da”, adierazi zuen bertsolari hernaniarrak. Bere ustetan, doinua testuari lotuta dago nolabait, eta horregatik, mezuaren parte bezala erabili daiteke, publikoak doinu bakoitza aldarte edo gai batekin lotuko duela aprobetxatuz. Adibidez, Loriak udan doinuak gai erromantikoekin lotu zituen Lujanbiok eta Gernika gaiak melodia nostalgikoa, memoriarekin lotzen zaituena, esakatzen du hizlariaren iritziz.
Bestalde, doinuak gaiari eragiteko moduak dituela azpimarratu zuen Lujanbiok. “Batzuetan, euskalkia aldatzera ere eraman zaitzake, beste leku batera garraiatzen zaitu eta”, gaineratu zuen. Testua eraikitzeko orduan ere kontuan izan behar da doinua, “egiturak horretara behar-tzen zaitu”. Errepikapenak, adibidez, kontuan hartzekoak dira, mezuaren zati garrantzitsuena kokatzeko orduan. “Gainera, kasu batzuetan errepikak erabiltzea ideia ona da; euskaldun berriak badaude publikoan, hobeto uler dezaten lagunduko die eta gure hobebeharrez, txapelketetan pentsatzeko denbora irabazten dugu”, azaldu zuen egungo Euskal Herriko txapeldunordeak.
Gaineratu zuenez, buruz oso argi egonez gero, intentsitateak ere pentsatu daitezke, eta hori kontrolatu. “Doinuak gora egiten duenean, mezuak ere indarra har dezake eta hori oso interesgarria da”, adierazi zuen.
Errima ere ez da berdina doinuaren arabera, Lujanbiok azaldu zuenez. “Guretzat zerbait berria izan da baina adituek diotenez, doinu guztiekin errimak ez dira berdin egin behar eta kasu batzuetan, bi silaba errimatu behar dira; orain arte, hau ez dugu horrela egin”, azaldu zuen. Argudiatu zuenez, hori idatziz ikastearen ondorioa da, berdin buka-tzen diren hitzei begiratzen baitiete, eta ez hainbeste hoskide izan daitezkenei.
neurriarekin jolastuz Doinuak askotan duten neurriaren arabera sailkatu daitezke, bakoitza normalean mezu mota bat zabaltzeko erabiltzen baita, Lujanbiok azaldu zuenez. Zortziko txikia gehienbat umorerako erabiltzen da eta zortziko handiak “denetarako” balio du. Hamarreko txikiaren kasuan, hainbat modutan erabiltzen da: “Puntutarako erabili daiteke eta bestela, oso gai serioetarako; hala ere, bere erabilera nagusiena dramatikoa izaten da”, azaldu zuen bertsolariak. Azkenik, hamarreko handia bakarka erabiltzen da “eta pisua duten gaiak eskatzen ditu neurri honek”. Batzuetan, bertsolari batzuk ohitura hauek aldatzen saiatzen dira, baina zaila da: jada publikoak gai bakoitza neurri mota batekin lotzen du “eta ikusleek erosoa dutena aldatzea ez da erraza izaten hauentzat”.
Txapelketetako bakarkako gaietan, neurri hauetatik harago joaten dira bertsolariak gaur egun, eta doinu berri bat erabiltzen badute, “marka propio bezala edo hautu estetiko-ideologiko batengatik” da Lujanbioren ustetan. “Gainera, doinu berri bat plazaratutakoan paktu isil bat dago besteek hori erabili ez dezaten”, aipatu zuen.
Gaur egun bakarkako gaietan metrikakin asko jolasten da eta doinuak intentzio konkretu bat eduki-tzen du. “Xabier Amuriza hasi zen metrikarekin jolasean eta ordutik, hainbat moda egon dira; adibidez, Andoni Egañak zazpi puntuko doinuena ezarri zuen, diskurtso luzea eta esaldi motzak batzen dituena”, azaldu zuen. Habaneraren estiloko doinu luze eta erregularrak, Amurizaren hitzetan “Gaztelako lautadak bezalakoak”, ere erabiltzen dira eta hauek mamirako leku asko eskain-tzen dute, doinu hauekin, bide luze deskriptibo eta narratiboak lantzen direlarik.
“Hauez gain, gaur egun indar handia dute doinu hautsiek, non hasi eta non bukatzen diren ez dakitenak, konbinazio ezberdinak dituztenak”, azpimarratu zuen bertsolariak, baina adierazi zuenez, askotan jendearen deserosotasuna sortzen du metrika hautsi honek, “bertsotan plazerra bilatzen dute eta”.
Lujanbiok plazan edo txapelketetan aritzea bereizi zituen, plazan dagoen ikuslegoak espero duena ez baita berdina, eta “komunikazio gordinagoa” eskatzen du. “Doinu berrietan sartzen bagara, jendea galduta sentituko da eta horregatik, komunikazio zuzenago baten alde egin behar da”, esan zuen, doinu ezagunak aukeratzearen zergatia azalduz. “Lekua ere kontuan izan behar da; Sestaon kantu zaharren doinuak erabiltzeak edo Goizuetan pop abestietan oinarritzeak ez du zentzu handirik, adibidez”, aipatu zuen. Momentu bakoitzean hit bat egoten dela azpimarratu zuen Lujanbiok, baina hala ere, kantu zaharrak gurera ekartzen dituztenen lana goraipatu zuen.
Bestalde, askotan eztabaida sor-tzen da mamia eta azalaren artean: batzuek argudioei, testuari, indar gehiago ematen diete eta beste ba-tzuek, estetika eta esateko modua baloratzen dituzte gehien. “Nire ustez, oreka bat bilatu behar da bien artean”, nabarmendu zuen Lujanbiok.