Síguenos en redes sociales:

Depardon, Hong Sang-soo eta FWiseman izango dira Zabaltegi-Tabakalera sarian

DONOSTIA. Frederick Wiseman (Boston, Estatu Batuak, 1930) zinemagile bikaina, 2016an bere lan-ibilbidea ohoratzeko Oscar saria jaso zuena, Estatu Batuetako gizarteari, lan-esparruei eta erakunde publikoei buruz egin dituen erretratu zorrotzengatik da ezaguna. Azken alor horretakoa da bere azken filma, "Ex Libris: New York Public Library", non munduko jakintza-erakunde handienetako batean barneratuko baitu ikuslea. Bere lan-ibilbidean egiten duen 45. filma da, Veneziako Sail Ofizialeko lehian sartu da. Wisemanek "Crazy Horse" aurkeztu zuen 2011n

Zabaltegi-Bereziak sailean, Pariseko kabaret mitikoa aztertzen zuen film bat.

Raymond Depardon (Villefranche-sur-Saône, Frantzia, 1942) frantses argazkilari eta zinemagile ospetsua, Gamma agentziaren sortzaileetako bat eta Magnum agentziako argazkilaria, bitan izan da dokumental onenaren Cesar sariaren irabazle: "Reporters" (1981) filmarengatik lehenbizi, eta "Délits Flagrants" (1994) obrari esker ondoren.

Aurten aurkezten duen filma "12 jours / 12 Days" da, eta filmean (emanaldi berezia Canneseko zinema-jaialdian), Frantziako zentro psikiatrikoetan barneratutakoek epailearen aurrean izandako entzunaldiak eskuratu ditu Depardonek. Haien zoria 12 egun zeharo garrantzitsutan erabakitzen da, osasun-txostenaren, sendagilearen gomendioaren eta epailearen ebazpenaren baitan.

Hong Sang-soo (Seul, 1960) zinemagileak lengoaia zinematografiko eta estetika bereziak garatu ditu idatzi eta zuzendu dituen 17 filmetan, eta halaxe bihurtu da hegokorear zinemagile ezagunena nazioartean. Iaz zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Donostian "Dangsinjasingwa dangsinui geot / Yourself and Yours-i" esker. "Geu-hu / The Day After", nagusiarekin amodio-harremanetan zebilen langile baten ordez sartu den emakumearen lehen lanegunaren berri ematen duen film bat, Canneseko Sail Ofizialean lehiatuko da.

Manuel Abramovichek (Buenos Aires, 1987) dozenaka sari jaso zituen "La reina" (2013) film laburrarekin; orain, bere bigarren film luzea aurkeztuko du, lehenbizikoa, "Solar" (2016), BAFICIn aurkeztu ondoren. "Soldado"-k Berlinaleko Generation sailean parte hartu zuen; film horren bidez, Abramovichek armadan sartzea erabaki duen gazte baten begiradaren bitartez aztertzen du zer zeregin duen Argentinako armadak egun, diktadura amaitu zenetik hiru hamarkada igaro direnean.

FILIPA CESAR

Filipa César artista eta zinemagileak (Oporto, Portugal, 1975), zeinak Living Archive eta Visionary Archive ikerkuntza-proiektuetan parte hartu baitu, 2001ean Ginea-Bissaun aurkitutako material entzunezko eta zinematografikoa aztertzen du "Spell Reel" filmean. Metrajeak Gineako zinemagintzaren sorreraren lekukotza ematen du, 1973an eraildako Amílcar Cabralen ikuspegi deskolonizatzailearen barruan. Berlinen digitalizatua eta zuzenean erakutsia eta komentatua, Berlinaleko Forum sailean aurkeztutako material honek hainbat eztabaida, kontakizun eta aurreikuspen eragin ditu.

Lan-ibilbideari ekin zionetik, nazioarteko zinema-jaialdietan errekonozimendua jaso dute Clément Cogitore (Colmar, Frantzia, 1983) artista garaikidearen lanek: lehen film laburrak, "Chroniques"-ek (2006), aipamen berezia jaso zuen Entrevues Belfort zinema-jaialdian; "Visités" (2007) eta "Archipel" (2011) Locarnoko sail ofizialerako aukeran sartu ziren; eta "Bielutine. Dans le jardin du temps" (2011) Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zen. Braguino filmaren 49 minutuak Siberiako basoaren erdian daude girotuta.

Damien Manivelek (Brest, Frantzia, 1981) -"Un jeune poète" (Locarnoko aipamen berezia 2014) eta "Le parc" (Cannes 2016) filmen egilea- eta Kohei Igarashik (Shizuoka, Japonia, 1983) -"Voice of Rain That Comes at Night" (Seul 2008) eta "Hold Your Breath Like a Lover" (Locarno 2013) filmen errealizadorea- elkarrekin zuzendu dute "La nuit où j'ai nagè" / "The Night I Swam", Frantziaren eta Japoniaren arteko koprodukzio bat, Veneziako Orizzonti sailerako aukeratua.

Bere lehen filma, "Poslednata lineika na Sofia" / "Sofia's Last Ambulance" (2012), Canneseko Kritikaren Astean aurkeztu ondoren, Ilia Metevek (Bulgaria, 1981) 40tik gora sari eskuratu zituen: besteak beste, dokumental onenarena Karlovy Varyko zinema-jaialdian. Bere bigarren film luzearekin, "3/4" izenekoarekin, familia batek elkarrekin emango duen azken uda irudikatu du, eta Cineasti del Presente saileko Urrezko Lehoinabarra irabazi berri du Locarnoko zinema-jaialdian.

AURREZ IRAGARRITAKO FILMAK

Ohar honetan aipatutakoei gehitu behar zaizkie aurrez iragarritako film luze hauek: "L'amant d'un jour" / "Lover for a Day" , Philippe Garrelena; "Tesnota / Closeness", Kantemir Balagoven lehen lana; Saura(s), Félix Viscarretek zuzendua, Cineastas contados sailaren barruan; Gustavo Salmerónek zuzendutako lehen lana, "Muchos hijos, un mono y un castillo"; "No intenso agora" / "In the Intense Now", João Moreira Salles brasildar zinemagilearena; Juan Cavestanyk eta Alvaro Fernández Armerok Movistar+erako idatzitako "Vergüenza" telesailaren munduko estreinaldia.

Film laburren alorrean, obra hauek gaineratu zaizkie lehenago ere jakinarazitako "Plágan" / "Plague" (Koldo Almandoz) eta "Plus Ultra"-ri (Samuel M. Delgado eta Helena Girón): "El sueño de Ana", José Luis Torres Leiva txiletar zinemagilearena, "Obreras saliendo de la fábrica", "El cielo, la tierra y la lluvia" eta iaz sail honetarako aukeratutako "El viento sabe que vuelvo a casa" obren egilea; Gwendolyn Green, Tamyka Smithena, 2015ean Ikusmira Berriak programaren lehen edizioan parte hartu zuen.

Halaber, "Calipatria", Gerhard Treml eta Leo Calicerena, 2016an Ikusmira Berriak programan parte hartu eta postprodukzioko REC Saria eskuratu zuen lana; "Flores", 2017an IndieLisboan FCSH Saria / Nova New Talent Award - Short Film saria irabazi zuena, Jorge Jácomek zuzendua; eta "Sram" / "Shame", Petar Krumovena, amaren eta neskalagunaren artean aukeratu behar duen mutil baten dilema jorratzen duena.