Kultura Ondarea Sariaren hirugarren edizioa abian da
Apirilaren 7ra arte egongo da aukera ikasleek beraien bideoak aurkezteko
Bilbo - Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Hezkuntza Sailarekin lankidetzan, Kultura Ondarea Saria 2017 aurkeztu eta parte hartzeko deia egin zuen atzo Euskadiko Artxibo Historikoan. Kulturako sailburuorde Joxean Muñozek eta Kultura Ondarearen zuzendari Imanol Agotek azaldu zuten moduan, ekimen honen helburua euskal kultura ondarearen hedapena bultzatzea da. Horretarako, saritu nahi dituzte Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako, Batxilergoko lehen mailako eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleek kontzeptu horri buruz egindako bideoak.
Irlandara zazpi eguneko bidaia izango da saria -hiru lantaldek jasoko dutena- eta apirilaren 7ra arte egongo da zabalik bideoak aurkezteko epea. Maiatzean emango dute saridunen berri, ekitaldi publiko batean: “Hau guztia gizarteratzea nahi dugu”, esan zuen Agotek.
Aurtengoa hirugarren edizioa dute eta orobat, proiektu honen bilakaera “positiboa” izan dela jakinarazi zuten, ikastetxe kopurua igo baita. Lehen edizioaren (2015) eta bigarrenaren (2016) artean, %51 bideo gehiago izan ziren eta %23 ikastetxe parte-hartzaile gehiago. “Uste dut esperientzia interesgarria dela ikasleek ikus-entzunezko teknikak erabiltzen dituztelako eta talde-lana bultzatzen delako”, azaldu zuen.
Aurtengo edizioari begira, Agotek informazio baliagarria eman zuen. Lehiaketan parte hartu dezaketenak ikasle taldeak dira, euren tutorearekin batera lanean arituko direnak. Talde bakoitzean, gutxienez, hiru ikasle eta gehienez sei egongo dira. Bideoak 3 eta 10 minutu arteko iraupenekoak izango dira eta horietan kultura ondare material edo immaterialarekin lotutako euren ikuspegia azalduko dute. Agotek argitu zuen, guztira, bi bideo aurkeztu behar dituztela; bata, prozesuaren berri ematen duena, Making of delakoa, eta bestea, emaitza bera, sarituko den produktua, hain zuzen.
Ikasleek ondare materiala edo immaterialari buruz hitz egin behar dute prestatutako bideoan. “Eraikuntzek, baserriek, errotek, alde zahar historikoek osatzen dute ondarea, baina baita mitologiak, euskal dantzek eta herriko ohiturek ere”, argitu zuen.
Ikasleek egindako bideoak Youtube plataformara igo beharko dituzte eta URL-a antolatzaileei bidali. Halaber, lehiaketa honen arduradunek azpimarratu zuten balorazio batzorde bat osatu dutela; bertan Paco Etxeberria eta Agustin Azkarate egongo dira, besteak beste.
Joxean Muñozen esanetan, “proiektu honen funtsa” ikasleak dira eta horregatik bertaratu ziren atzo Artxibora aurreko edizioetako irabazle batzuk -Julio Caro Baroja BHI, Kantauri BHI, Avellaneda Ikastetxea eta Laudio Ikastola-, Irlandara egindako bidaia kontatzera.
Julio Caro Baroja BHIko tutore den Juan Carlosek, hartu zuen lehendabizi hitza: “Esperientzia zoragarria izan zen. Orain arte estalita zegoen mundu bat aurkitu genuen Algortan: ontziena. Horretaz gain, taldean lan egiteko aukera eman zigun sariak. Ilusio handiz bizi izan genuen prozesua”. Laudio Ikastolako tutorea ere esperientzia hortaz mintzo zen tartean: “Proiektu honek bi aukera eskaintzen ditu; alde batetik, tokian tokiko ondare kulturala hurbilagotik bizitzeko aukera, interes desberdinak aktibatuz, eta bestetik, gazteen ikuspuntutik kultur ondarea lantzeko aukera”.
Ikastetxe horretako ikaslea den Ainhoak atzo azaldu zuen lehendabiziko aldia zela taldeak bideo bat egiten zuela eta “oso pozik” gelditu zirela lortutako emaitzarekin. Julen, bere klasekideak, Irlandako esperientzia “aberasgarria” izan zela kontatu zuen, “bertako gazteekin kulturak alderatzeko” aukera izan zutela gehituz. Kantauri BHIko ordezkariek ere izan zuten hitz egiteko aukera. Bertako irakaslea halaxe mintzatu zen: “Aurten ere ari naiz beste talde batekin lanean. Esperientzia polita da, proiektu ezinhobea beste modu batean ikasteko”.
Proiektuak badu blog bat, eta bertan, informazio osagarria topatu daiteke: https://kulturaondareasaria.blog.euskadi.eus.