BILBAO. Rekalde Aretoko Kabinete Abstraktuak Sara Campillo artistaren Magic Kimdom erakusketa dauka erakusgai apirilaren 1a arte, Bizkaiko Foru Aldundiak sorkuntza artistikorako ematen dituen beken programaren (Barriek) barruan.
Lana Sara Campillok eta Ibai Leonek osatutako "Ätakontu" kolektiboaren barruan egin da, eta arte eta modaren munduaren arteko erdigunean dagoen diziplina anitzeko proiektu bat da. Ilustrazioa eta ehun-estanpazioa (tradizionala eta digitala) dira lanaren oinarriak.
Proiektu honen bidez paperaren mugak eta serigrafien eta ilustrazioen bidimentsionalitatea gainditu nahi dira, lanaren adierazpide objektualago baten bila, instalazio edo eszenografia itxura emateko. Proiektu honetan askatasun osoko jardute ludikoan adierazpide legez eskura dagoen guztia erabiltzen dute.
Erreferentzien artean, bisitariak hainbat gauza topa ditzake: joan den mendeko 90ko jostailuak, retro estiloko janzteko arropen geometriak eta koloreak, "reality show"etako erreferentziak... Hockney-ren igerilekuak, Blinky Palermo-ren obra dotorea, Murakami-ren "jolas-parkeak", edo Koons-en popik "hortero"enaren ikuspegia.
Sara Campillo
EHUko Arte Ederretako lizentziatura lortu ondoren, sari eta ekoizpen-beka ugari jaso ditu: BilbaoArte Fundazioa, Arteleku edo Bizkaiko eta Arabako foru aldundienak, besteak beste.
Ätakontu deritzon diziplina anitzeko proiektua hainbat herrialdetan erakutsi izan du (Espainia, Portugal eta Mexiko), edota Guggenheim Museoan (Bilbo), Wurth Museoan (Errioxan), Galeria 3+1 (Lisboa) eta Benicassim-eko FIBn.
Gaur egun Bilbon bizi eta lan egiten du, eta tartekatu egiten ditu erakusketa-proiektuak eta moda-munduarekin loturiko ikuskizunak. Madrileko Ego Mercedes Benz Fashion Week eta Cadizeko & South 36- 32N jaialdiaren bi ediziotan hartu du parte, besteak beste.