BILBO. Jaurlaritzaren eta DTS enpresaren lankidetza 2014. urtearen bukaeran hasi zen. Lankidetza horri esker, Movistar+ Estrenos (lehenago Canal+ 1 eta Canal+ estrenos) plataforman eskainitako atzerriko hizkuntzetan (euskaraz eta gaztelaniaz zirenak azpititulatu gabe utziko zirela adostu zen) ekoitziriko filmak eta telesailak euskarazko azpitituluekin ikusteko aukera izan da.
Orain arte 548 film eta 67 serieren 600 kapitulu inguru azpititulatu diren arren, oraingoan lankidetza horren aurreneko bi urteetan azpititulatutakoak eskegi dira Open Data Euskadin, eta aurki, iazkoak ere bertan izango dira. Beraz, 279 filmen eta 24 serieren 225 kapituluren azpitituluak jadanik badaude eskuragarri.
Atzerriko hizkuntzetan ekoitzitako zinea jatorrizko bertsioan eta euskaraz azpititulaturik ikusteko aukerak areagotzea da ekimenaren helburu nagusia. Izan ere, orain dela zenbait urte sortutako Filmazpit bezalako proiektuei esker, badago filmen katalogo zabal bat kultur eragileen esku jarri zena kosturik gabe, proiekzio ez komertzialak antola ditzaten. Horrekin batera, erabiltzaileei, ikastetxe eta ikastolei, euskaltegiei edota beste eragileei azpitituluak erabiltzeko aukera ematen zaie orain.
Azpitituluak .srt formatuan daude, kontuan izanik egun zinea digitala dela, irudiei testua gehitzeko modu erraza baita. Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak ekimen berriaren garrantzia azpimarratu du, eta azpitituluak Open Data Euskadin eskuragarri izateak "aukerez beteriko" bidea zabaltzen duela.
"Jaurlaritzak jendearen eskura jarri du urteetan zehar metatutako material guztia. Uste baino ohikoagoa da .srt artxiboak erabiltzea filmak edo serieak ikusteko, batez ere gazteen artean. Erositako film digitalekin azpitituluak sinkronizatzeko aukera eskaintzen dute artxibo hauek", azaldu du.
Bestalde, banatzaileei, elkarteei edota kultur eragileei euskarazko azpitituluak dituzten film edo serieak programatzeko bidea errazten zaiela nabarmendu du, eta eskoletan edo euskaltegietan ere ekimenak "bide oparoa" izan dezakeela. Era berean, gorren komunitatearentzat "aurrerapauso nabarmena" izango dela ziurtatu du.
JARRAIPENA EMAN
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren asmoa da hasitako bideari jarraipena ematea. Horiek horrela, aurten ere Telefónica Audiovisual Digital (TAD) enpresarekin arituko da lankidetzan, Movistar+ Estrenos plataforman estreinaldiak izango diren atzerriko hizkuntzetan ekoitzitako zinea eta fikziozko serieak euskaraz azpititulaturik ikusteko aukera eskaintzen.
Horrekin batera, Filmazpit ekimenaren bitartez pauso berriak emango dira euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko, eta Kultura Auzolanean egitasmoaren bidez ere ekimen berriak sustatuko dira euskaraz azpititulaturiko ekoizpenak ikusteko aukerak biderkatzeko. Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak Euskararen Agenda Estrategikoa onartu zuen 2014ko ekainean. Euskararen Agenda Estrategikoan, 2013-2016 aldian Eusko Jaurlaritzak euskara biziberritzearen alde egin dituen ekintza eta jarduera nagusiak jaso ziren.
Kultur kontsumoari dagokionez, honako helburu hau jasotzen da bertan: kultura euskaraz kontsumitzea sustatzea, batetik euskarazko sorkuntza bultzatuz eta, bestetik, erdarazko produktuak itzuli eta lokalizatuz. Horretarako hainbat aldagai kontuan izan eta guztien arteko oreka aurkitzen saiatzea: kalitatea, aberastasuna, dibertsitatea, hartzaile potentzialen kopurua eta nolakotasuna, besteak beste. Testuinguru honetan jaio zen lankidetza Distribuidora de Televisión Digital S.A. (DTS) enpresarekin.