BILBO - Gutun Zuria Letren Nazioarteko Jaialdiak bere bederatzigarren aldia beteko du aurten, eta aldaketa txikiak ekarri ditu edizio berriak: batetik, sei egunetan kontzentratuko da egitasmoa (apirilaren 19tik 24ra), intentsitatearen mesedetan; bestetik, Alondegiko Kulturen Atariak protagonismo berezia hartuko du, jaialdira hurbiltzen diren guztiek Milorria instalazioa aurkituko dutelako bertan. “La casa del vacío-k diseinatutako instalazio honek ibilbide alternatibo bat egitea proposa-tzen du, 12.000 liburutatik ateratako milaka orrialderen artean egingo dena”, azaldu zuen Mediatekako arduradun Alazne Martinek.

Aurtengo gai edo goiburu nagusia krimena izango da, edo, hobeto esanda, krimenak eta delituak literaturan izan duten eragina. Honela, Kukai dantza taldearen pieza batek abiaraziko du Gutun Zuria, 19an, eta ondoren Sergio González elkarrizketatuko du Llátzer Moix La Vanguardia egunkariko zuzendariordeak. Mexikarrak bigarrenez onartu du Gutun Zuriaren gonbidapena, 2014an ere Bilbon izan baitzen, Ciudad Juárez-eko krimenei buruz hitz egiten. 20an, Cecilia Dreymüller kritikariak Dacia Maraini zirikatuko du. Maraini Italiako idazlerik ospe-tsuenetakoa da, eta bere bizitza ere ez da izan makala, atzo Gutun Zuriako antolatzaileek gogoratu zuten legez. “Italiako literaturako dama handitzat jotzen da”, aitortu zuten.

Apirilaren 21ean Ernesto Mallo eta Lourdes Iglesias idazleen arteko solasaldia proposatzen dute Alondegikoek, eta 22an mahai-ingurua. Bertan, Jon Alonso, Garbiñe Ubeda eta Jon Arretxe arituko dira, Katixa Agirreren batutapean. Gaia, zelan ez, krimena eta delitua euskarazko literaturan. Ondoren, 22:00ak aldera, Ruper Ordorikaren kontzertua iragarri dute. Larunbaterako (apirilak 23) beste mahai-inguru bat antolatu dute Ramón Lobo, Masood Khalili, Ángela Ridicio eta Enric Gonzálezekin. Gerra kazetariak izaki, horretaz jardungo dute, batez ere. Ostean, Ricardo Menéndez Salmónek bere obrari buruz egingo du berba, eta igandean zarratuko da aurtengo aldia, Juan Cruz kazetariak Rodrigo Rey Rosa Guatemalako Sari Nazionalari egingo dion elkarrizketarekin. “Ameriketako idazlerik onenetakoa da Rey”, antolatzaileen iritziz.

Elkarrizketa literarioekin batera, Gutun Zurian ekitaldi osagarriak antolatzen dira urtero. Aurten, zinema ziklo bat prestatu dute, Zinematekaren eskutik; krimena, mafia eta espioitza aztertzen dituzten filmak proiektatuko dituzte. Iaz programatutako bestelako kontuak ere errepikatuko dira. Tartean, Stockholmeko Sindromea zuzeneko talk show-a egongo da, eta Inun musikariaren bost kanta berri entzuteko aukera ere izango dute bisitariek, asteazkenetik hasita. Horrez gain, ez dira faltako egileekin egiten diren topaketak eta Basauriko kartzelara idazle batek egiten duen bisita ohikoa - I.M.E.