Beñat Gaztelumendi: “Neure burua berriz asmatu nahi nuen eta uste dut lortu dudala”
Beñat Gaztelumendi bertsolariak lortu zuen larunbatean Gipuzkoako txapela, Alaia Martinen aurka buruz burukoan gailendu baitzen Illunbeko saioan
donostia - Oraindik “lurreratu gabe” zegoela adierazi zuen Beñat Gaztelumendik Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaren biharamunean. Txapela lortzeagatik pozik agertu zen, eta egindako lanarekin gustura zegoela adierazi zuen bertsolari añorgatarrak.
Bi aldiz bigarren gelditu ondoren, berriro ere txapela lortzetik hain gertu gelditzeko beldurra zenuen?
-Kanpotik begira, jende askok esaten zuen bi aldiz bigarren eginda, jada irabaztea tokatzen zitzaidala. Nire sentsazio handiena zen orain dela lau urte ez nuela bat ere gozatu. 2007an, gazteena izanda bigarren egin nuen, oso lotsagabe arituta, baina duela lau urte gazteena izateari utzi nion, lotsagabe puntu horrek ez zidan balio eta esateko ezer gabe gelditu nintzela sentitu nuen. Aurten baneukan horri buelta emateko gogoa. Txapela lortzeko baino, nire burua berriz asmatzeko desioa neukan, eta uste dut neurri batean lortu dudala. Askotan ematen du postuen arabera goazela; badago lehia hori, baina borroka gehiago bizi dut neure buruaren kontra. Larunbatean, adibidez, lehia neukan finalaurrekoetan ofizioetan ez nin-tzelako bizi aritu, burua ez neukalako oso fresko. Aurten bai, neukan guztia eman nuen.
Faborito izatea pisu handia izan zen zuretzat?
-Aurten ez dut hainbeste nabaritu. Duela zortzi urte finalera pasa-tzean, nire bertsoak txalotu ziren ziur asko merezi zutena baina gehiago, olatuaren gainean joan nintzen. Duela lau urte txaloak garestiago zeuden. Aurten, neure buruari gehiago eskatzen nion: bakarkakoetan er-tzak bilatzea, gaietan pertsonaiak ikustea... Publikoaren exigentzia nabaritu dut, baina gehiago ibili naiz nire barruko borroka horretan. Ba-tzuk esan didate ea lotuta, serio, ibili naizen; baina ez, nire mamuen kontra nenbilen.
Zer moduz ikusi zenuen zeure burua larunbatean?
-Orokorrean, nahiko erregular ibili nintzela uste dut. Azkenean, finala bertso batean galtzen da, eta atzo bertsorik joan ez zitzaidala uste dut. Bereziki gustura gelditu nin-tzen buruz buruko azkeneko kartzelakoarekin, baina niretzat momentu klabea izan zen hamarreko txikian Oihana Iguaranekin egin nuenean. Ez zen nire ariketa hoberena izan baina ordura arte, ez nuen tentsioa puskatzen. Publikoa hor lehertu nuen lehen aldiz, nire mugarria izan zen.
Zer iruditu zitzaizun finala?
-Orokorrean, ondo egon zen eta gaiak gustatu zitzaizkidan. Bereziki, hamarreko txikian iruditu zitzaidan gaiek bai umorerako eta baita seriorako ere balio zutela. Zortzikote ona zen, bereziki ofizioetan aritzeko asko erantzuten zuen jendea baitzegoen: Oihana Iguaran, Iñaki Apalategi, Jon Maia... Orokorrean, ofizioetako jendea ginen. Alde horretatik, espero bezala joan zela uste dut. Elkarrizketa politak sortu ziren eta agian, bakarkakoetan gehiago lehertu zitekeen. Baina gustura gelditu nin-tzen zortzikotearen lanarekin.
Garaipen honek Txapelketa Nagusira begira gehiago motibatzen zaitu?
-Larunbatean txapela jantzi nuen, baina gaur jada txapelik gabe nago. Niretzat txapela jaztea kriston ohorea da, eta hemendik urte batzuetara Gipuzkoako txapeldunen zerrendan nire izena agertuko da, horrek poz handia ematen dit. Baina gaur txapela kendu eta berriro ere bila hastea tokatzen zait. Txapelketa bakoitza bilaketa prozesu bat da, ahal den gehiena fintzen hasten zara eta helburua esan nahi duzun horretara ahal den gehien hurbiltzea da. Orain, modu batean hurbildu naiz, baina momentu batean aspertuko naiz eta berriro ere hutsetik hasi beharko dut. Etengabe ikasten eta desikasten nabil. Txapela onarpen bat da eta jendeak desberdin ikusiko nau, agian. Nik duela zortzi urte bigarren egin nuenean esan nuen ezinezkoa zela poz handiagoa har-tzea, inork ez zuelako espero nik postu hori lortzea. Poz horrek ezin zuen handiagoa izan. Aurtengoa ez da poz hori adinakoa izan, askoz ere serenoago harrapatu nau, eta kon-tzienteago lanean jarraitu behar dudala. Hau atera dut, baina hurrengo plazan berriro ere neure burua bilatu beharko dut.
Entzuleak hunkitzen eta mezu indartsuak uzten habila zara. Nola lortzen duzu hori?
-Niretzat kantatzen dut, nire arazoei eta mundua irakurtzeko dudan moduari. Uste dut nire arazoak oso unibertsalak dira. Adibidez, jendea hunkitu zen kartzelako gaian bikote harremanei buruz kantatu nuenean. Niretzat ari nin-tzen, baina denak dauzkagu horrelako momentuak. Bertsolari bezala, gure ekarpen handiena gauzak lurrera ekar-tzea da, mundua gure filtrotik pasa-tzea eta besteek euren filtrotik irakur dezaten kantatzen dugun hori.
Nola definituko zinateke bertsolari bezala?
-Orain arte, zer izan nahi ez dudan aukeratzen aritu naiz. Duela zortzi urte oso lotsagabe, gazte parrandero, itxura eman nuen eta zortzi urte pasa ditut horren kontra borrokan. Estereotipo bezala ondo dago, baina hortan gelditzen bazara, ez zara garatzen. Uste dut denak aritzen garela zerbait berria bilatzen.
Zertan hobetu nahiko zenuke?
-Dena ikusten dut hobetzeko. Azkenean, bertso bat pentsatzen duzu eta botatzen duzuna ez da inoiz pentsatu duzuna, ez zara inoiz iristen. Iristeko falta zaidan hori guztia daukat hobetzeko. Errimak gehiago fintzea ere gustatuko litzaidake. Adibidez, atzoko bakarkako lehenengoarekin jendea gustura gelditu zen, baina nik sentitu nuen pertsonaia horiek gehiago marraztea posible zela. Hori faltan bota-tzen dut niregan.
Zer da bertsolari batean gehien estimatzen duzuna?
-Jakitea gai bati ertzak bilatzen. Gaia entzun eta arrazoi potoloetan gelditu beharrean, “baina” horiek bila-tzea pertsonaiei.
Zein plan dituzu hemendik aurrera?
-Ia astebururo saioak edukitzen ditut eta txapelketa da errutinatik ateratzen nauena. Orain, errutina horretara bueltatu nahi dut eta txapelketarako egin dudan lan hori plazan erakutsi nahiko nuke. Ez daukat asmo berezirik, orain plazan berriro ere borroka egin beharko dut. Gainera, gure lanak daukan onena da gaur zaudela Añorgan, bihar Itzurunen eta etzi Balmasedan; hiru egunetan erabat ezberdinak diren hiru herri ezagu-tzeko aukera daukagu eta horrek bertsolari eta pertsona bezala asko ematen dizu. Desiratzen nago horretara bueltatzeko. Bota behar duzun mezua publikora egokitu behar duzu eta enkantua hor dago. Bizi garen herriaren kontzien-tzia dexente ematen dizu horrek.
Más en Cultura
-
Los vizcainos Los Brazos tocarán con el batería de Springsteen en Donostia
-
Subastan un conjunto de guiones inacabados del legendario David Lynch
-
El Bellas Artes de Bilbao acoge mañana un concierto del saxofonista Iñaki Bermúdez y la pianista Yume Takasaki
-
Springsteen arroja luz a su carrera oficial con 83 canciones inéditas