BILBO. Antolatzaileek adierazi dutenez, Valérie Mréjen (Paris, 1969), kritikaren aldetik harrera bikaina lortu duen "egungo Europako funtsezko emakume idazleetakoa" izateaz gain, "artista bisual azpimarragarrienetakoa" ere bada.
"Bikaintasun bitxia" duten hiru eleberri labur idatzi ditu: "Mi abuelo", "El Agrioll" eta "Eau sauvage". 2006an "Pork and Milk" argitaratu zuen, bere herrialdean arrakasta handia lortu zuen liburu-dvd formatuko saiakera-dokumentala. Bere eleberriak "super 8an egindako eleberriak" direla esan du kritikak.
Horrez gain, Frantzian eta Europa osoan eragin eta oihartzun gehien lortzen ari den ikus-entzunezko sortzaileetako bat da. Artista plastiko, argazkilari eta idazle gisa aintzatespen handia izateaz gain, bere filmetan etika eta poesia nahasten dakien bideo-artista ere bada, ironia, fikzioa eta dokumentala baztertu barik.
Valérie Mréjenek biderkatu egiten ditu bere adierazpen baliabideak, lengoaiak ematen dituen aukerak hobeto aztertzeko eta bere bideoak sortzeko bere oroitzapenetan, eguneroko bizitzako gertakarietan eta bere bizitzaren xehetasun krudeletan edo ironiaz betetakoetan oinarritzen da.
Hainbat motako kontakizunak nahasten ditu, ondoren berriro idazteko eta egokitzeko, horren ostean komedianteekin edo bere inguruko pertsonekin lan egiteko. Bere lanak San Frantziskoko Wattis Institute for Contemporary Art izenekoan, Pariseko Jeu de Paumen eta Londoneko Tate Modernen (2006) erakutsi ditu.
Asteazkeneko topaketa bere literatur alderdian oinarrituko da betez ere, eta, zehatzago esanez, bere lanean agertzen den "niaren" eraikuntzan. Topaketan artistak hartuko du parte, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte.