Síguenos en redes sociales:

‘Beste hitzak’, hizkuntza txikien arteko zubia

Proiektu honetan, Europako bost herrialdek parte hartuko dute literatur sorkuntza egonaldietan

‘Beste hitzak’, hizkuntza txikien arteko zubiaArgazkia: R. Plaza

donostia - Kultura aniztasunaren balioa eta indarra agerian geldituko dira Donostia Kultura eta Donostia 2016ri esker, Beste hitzak proiektuarekin, eta beste hizkuntza gutxituetako hitzak geureganatzeko ahalegina egingo dute, literatur sorkun-tzako egonaldi batzuen bitartez.

Irlanda, Eslovenia, Mazedonia eta Frisiako erakunde eta idazleek, euskaldunekin batera, egonaldien zirkuitu batean parte hartuko dute, eta horrela, hizkuntza txikietan idazten dutenen arteko sarea sortu. “Ez dute erraz egiten mugen gaineko bidaia, eta lau urtetako dimentsioa duen ekimen honen bitartez zubiak eraiki nahi dutugu egoera antzekoa duten hizkuntzen artean”, azaldu zuen Xabier Paya, Donostia 2016ko kultura zuzendariak. Sorkuntza egonaldi hauetan, herrialde bakoitzeko bi egile hautatuko dira urtean, eta bakoitza beste herrialde batera joango da zortzi astetarako, eta bertan garatuko du, hango biztanleriarekin batera. “Adibidez, 2016ko lehen erdian, euskal idazle bat Esloveniara joango da, eta bigarren seihilekoan, Irlandara”, azaldu zuen Imanol Galdos Donostia Kulturako ordezkariak. Era berean, beste herrialde bateko bi idazle etorriko dira datorren urtean Donostiara. Leku bakoitzean, erakunde baten babesa izango dute partehartzaileak, eta derrigorrezkoa izango da leku horretan mediazio lanak egitea.

“Dena kudeatzeko tresna bestehi-tzak.eus webgunea izango da, bost hizkuntza horietan eta ingelesez editatua; bertara igoko dira idazleek egindako lanak, eta hizkuntza guztietara itzuliko dira”, gehitu zuen Galdosek.

Proiektu “serioa” Bestalde, proiektu “serioa” dela azpimarratu zuten atzo eta horren erakusle da Europa Creativa programara euren proiektua erakustean eduki zuen onarpena. “Posible zen laguntza handiena eman ziguten”, adierazi zuen Payak. Guztira, proiektuak 700.000 euroko aurrekontua dauka.

Lehenengo deialdi hau 2016ko udaberrian Eslovenian zortzi asteko egonaldia egiteko da, eta interesatuta daudenentzako izen emateko epea abenduaren 14era arte egongo da zabalik.