donostia - Duela urtebete, Harkaitz Cano idazleak hitzaldi bat eman zuen Garoa Kultur Laben. Jendartean zegoen Lou Topet taldeko Oier Aranzabal, eta Canoren hitzek proiektu berri bati heltzeko bidea zabaldu zioten. Orain, taldea eta idazlea elkarlanean aritu ondoren, Abesti bat gutxiago disko liburua plazaratu dute.
Orain arte, bere kontzertuetan, Lou Topetek Esnatu dira lehenengo diskoko abestiez gain, bizpahiru bertsio eskaintzen zituen, ingelesez. “Ez nintzen hain gustura sentitzen hizkuntza horretan abesten eta Canorekin harremanetan jarri nin-tzen”, azaldu zuen atzo Aranzabalek. Lehenengo abesti bat bidali zion, itzuli zezan. Ondoren, beste bat. Horrela gauzatu zen proiektua.
Guztira, hamaika abestik osatzen dute diskoa eta Estatu Batuetako kantuen euskarazko bertsioak dira gehienak. Besteak beste, John Hiatt, Will Oldham, Jeff Tweedy, Mavis Staples, Damien Jurado eta The Rolling Stonesen hitzak itzuli dituzte. “Guk artisten antza izan beharrean, eurei gure antza ematen saiatu gara, eta guztiak gure abesti bezala hartu ditugu”, azaldu zuen abeslariak. Aranzabalez gain, Ander Zulaikak (perkusioa eta ahotsak), Oihan Larrañagak (baxua), Rafa Ruedak (gitarra) eta Joserra Senperenak (pianoa) osatu dute taldea, eta “oso gustura” egin dute lan elkarrekin. “Eurengana abesti bat eramandakoan, taldekideek ez zekiten zein zen, eta horrek originaletatik urrun-tzen utzi digu”, azaldu zuen Aranzabalek. Bere iritziz, batzuetan abestia “hankaz gora” jarri dute eta, beste batzuetan, aldaketa batzuk nahikoak izan dira bereganatzeko.
Bestalde, diskoarekin batera liburua ere badator. Guztira, Harkaitz Canoren 35 testu daude, gogoetak eta hainbat “harribitxi”, bertsiona-tzeaz, itzultzeaz, originaltasunaz eta beste norbait bihurtzeaz hitz egiten dutenak. - M. Esnaola