Síguenos en redes sociales:

Juan Ortiz Trio taldeak kontzertu bana emango du Villa de Bilbao hotelean

Antolatzaileen arabera hiru musikariak "oso ondo moldatzen dira" jotzeko orduan

Juan Ortiz Trio taldeak kontzertu bana emango du Villa de Bilbao hotelean

BILBO. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, hiru musikariak "oso ondo moldatzen dira" jotzeko orduan, eta "hori musika serioa egitean eta jo bitartean ondo pasatzean oinarrituta dago".

Juan Ortiz taldeko liderra jakinahia duen musikari eta hezitzaile gaztea da. Ibilbide aberatsa izan du orain arte: pianista izan da trasatlantiko batean, teklista modura aritu da The Cherry Boppers taldean eta jazzeko irakaslea izan da Katmandun. Musika kezkek mundu zabaleko agertokietan jotzera eraman dute, hala nola Amsterdamen, Kalkutan, Londresen eta Tokion.

Lau urterekin hasi zituen musika ikasketak eta, ordutik hona, beti egon da musikari lotua. Musika klasikoa ikasi zuen lehenbizi eta gero Donostian jarraitu zuen, Musikenen. Han Pianoko Lizentziatura ikasi zuen, besteak beste, Iñaki Salvador, Perico Sambeat eta Jorge Rossy irakasleekin. Beste musikari batzuek ere eskolak eman dizkiote, hala nola Jean-Michel Pilc, Agustí Fernández eta Moisés P. Sánchezek.

2011. urtean Madrilera joan zen eta bere jazz hirukotea sortu zuen bertan, David Ruiz eta Baroja Barrueta bidaia lagunekin. Horren emaitza izan zen 2012an grabatu zuten "Life is too short" lana. Disko horri BBK Jazz sarietan urteko jazzeko albumik onenaren saria eman zioten.