BILBO. Pedro Olea zine zuzendari bilbotarrak zonbiz beteko ditu Bizkaiko hiriburuko Zazpi Kaleak asteazken, ostegun eta ostiralean, "Zonbi eguna" film laburra filmatzeko, eta Sabino Arana, Juan Crisostomo de Arriaga edo Miguel de Unamuno moduko pertsonaia ezagunak "euren hilobietatik altxatuko dira", Lander Otaola, Ramon Ibarra, Iñaki Maruri edota La Otxoa moduko aktore eta artisten gorputzetan. Ekintzak Mallonako hilerritik Unamuno plazara, Plaza Barrira, Areatzara, Atxurira, Posta kalera edo Martzanako kaira eramango ditu pertsonaiok.
Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak eta Bilbao-Bizkaia Film Comission erakundeak sustaturiko "Bilbao-Bizkaia. Exterior-Día" izeneko taldeko filmaren baitan dago Pedro Oleak aste honetan filmatuko duen lana, bere arduradunek gogorarazi dutenez.
"Bilbao-Bizkaia. Exterior-Día", Bilbo eta bere ingurua eta espazioak nazioartean zine eta ikus-entzunezkoen industriaren eszenatoki gisa sustatzeko asmoz sortu eta film laburrez osatuta dagoen taldeko film luzea da. Zazpi zinemagile elkartu ditu, batzuk beteranoagoak, besteak gazteagoak, denboran zehar askotan filmatu den eta orain goitik behera eraldatuta dagoen hiriarekin duten erlazioaren zazpi begirada pertsonal emateko.
"Zazpiek euren esfortzua bateratuko dute, oso ikuspuntu anitzetatik filmatutako hiriaren erretratua osatzeko, Bilboko eta Bizkaiko ekonomiaren motore berri izan daitekeenaren hiri espazioen katalogoa osatzeko", azaldu dute ekimenaren sustatzaileek.
BOST, JADA FILMATUTA
Filma osatuko duten zazpi film laburretatik, Luis Marías, Javier Rebollo, Sra. Polaroiska, Enrique Urbizu eta Mikel Rueda zuzendariek beraienak filmatu dituzte dagoeneko Bilbon, eta azken biak urrian egingo dira, Pedro Olearen eta Imanol Uriberen zuzendaritzapean. Guztiak zinemagile bilbotarrak dira, bertan jaiotakoak edo "bilbotartuak".
Elkarren artean oso desberdinak diren generoko klabeak, fikziozko erregistroak eta baliabide estilistikoak erabiliz, talde egitasmo horrek, Itsasadarra, Ibaieder parkea, Zazpi Kaleak, Bilbo Zaharra eta Uribitarte pasealekua bezalako lekuak, eta hiriko zortzi barrutiak osatzen dituzten auzoetako txoko bereziak ere beste modu batera ikusteko aukera emango du.
Azken emaitza ikusteko azarora arte itxaron beharko da, filma azaroaren 16an estreinatuko baita Campos Antzokian, Zinebi jaialdiaren 57. edizioaren barruan.