EZ da beti erraza izan Eugenio Arraizaren arrazoibidea ulertzea bazterren batean galduta gelditu gabe. Eta arrazoia, behin ulertutakoan, ez da beti on-tzat hartzekoa gertatu; baina zenbaitetan bete betean jo du. Adibidez, nahiago izan duenean nortasunaz hitz egin, gure arteko askotxo oraindik ere identidadeaz mintzo direnean. Identidadea kontzeptu esen-tzialista, ontologikoa, zurruna eta desegokia baita gure herrian ageri diren izaera desberdinak izenda-tzeko eta, beraz, gure errealitate politiko eta kulturala zein den harrapatzeko. Zer garen baino gehiago nolakoak garen begiratzen jarrita, hobeki hurbildu gaitezke garen horretara, nortasunak nolakotasun anitz eta dibertsoak dauzkalako bere baitan. Irakaspen interesgarria ez al da egungo eta hemengo debate politikoan aplika-tzeko? Mintza gaitezen, beraz, nortasunaz. Eugeniorenaz. Arrastotik kanpo ibili izan da Eugenio Arraiza. Iruñeko familia aberatseko semea izanik, ez dugu inor irainduko jauntxoen leinuko kume izan dela esanda. Bere bidean ibili da, besteena ez bezalakoa urratuz: Arkitekto -aita bezala- izateko ikasketak hasi bai, baina bertan utzi zituen luzegabe. Apez joan zen, ez noski orduko gehienen moduan ume koskor zenean, baizik bokazio berantiarraren deia entzunda. Jesuita sartu baina bere klase burgesari uko eginda apez obrero ibili zen Zaragozan eta Tuteran. Inkorfomista eta diskutidore beti, eliza eta apezgoa utzi zuen gero. Euskalgintzaren aurkikuntza berantiarra izan zen Eugeniorengan. Iruñera itzuli zenean burubihotzez murgildu zen euskararen unibertsoan. Iruñeko euskararen unibertso mugatu eta kamutsean. Mugak eta makustasuna gainditu beharrez. Eusko Ikaskuntzan kulturaren ikuskera elitistaren aurka jokatu zuen. Zenbait urtez eutsi ahal izan zion erronkari, irizpide akademizistagoa -erosoagoa- guztiz nagusitu zen arte. Nafarroako bertso txapelketa Eugenioren eraginez urtez urteko eta ibiltari bihurtu da 1983az geroztik. Euskal kantagintzak xaramenlatu zuen eta sosegurik ez zuen izan Iparraldekoek hasitako egitemodua Nafarrora lehendabizi eta beste herrialdeetara gero inportatu zuen arte. Bazter nahastaile, Zaldiko Maldiko elkartearen sorreran hor tartean ibili zen. Iruñeko euskarazko irratiaren eragile eta egituratzaile lanean jarri zuen kemena. Horri eutsi dio baina uko egin gabe bestelako proiektu asmo eta lan askori. Eugenio Arraizaren izaera guztiz definitua agertu zen Patziku Perurenarekin izan zuen idazkien bidezko polemika zakar samar batean. Behar larrietan zein ote den premiazkoena, horixe zuten gutxi gora behera erabaki beharra. Perurenak txori kantari papogorriaren defentsa egin zuen. Eugeniok aldiz, egitura, antolamendua, egunez eguneko lanaren beharra nabarmentzen zuen, alegia txinaurri lepomehe itsusiarena. Kuriositatea duenak begira dezala artxiboetan Navarra Hoy egunkari desagertuaren Nafarroa Gaur gehigarrian. Aspaldi behar du, Patzikuk idazten hasi berriak oraindik Patxi izendura erabiltzen zuen garaia baitzen.

Dakitenek homo faber izan dela esan lezakete Eugenioz oroitzeaz. Egile eta eragile nortasun sendokoa izan da, berdinik gabekoa.