Bilbo - Rock musikan murgiltzen den ibilbide bisuala proposatzen du Koldo Orue argazkilariak. Uztailaren 17a bitartean, Bilboko K2 tabernak (Somera, 10) bere baitan hartzen du Rockanrola izeneko erakusketa.

Antolatzaileei jarraiki, Oruek “gazte-gazterik igarri zuen musikaren pozoia zainetan barrena”. Kontzertu-argazkigintzan eman zituen lehenbiziko urratsak, hain zuzen, erabili-ta-bota motako kamerekin, gero konpaktu batekin, “azkenean serioago hartu eta reflex bat lortu zuen arte”.

Motorsex, Positiva eta Juke Box Racket bezalako bandek artwork zein azaletan sartu dituzte beraren argazkiak. Euskal prentsan ere bere lanak argitaratu izan dira, baita Premier Guitar magazine iparramerikarrean ere. Egun, Musika Zuzenean, This is Rock eta Entzun! argitalpenen ohiko kolaboratzailea da. - DEIA