Síguenos en redes sociales:

"Lan honetan, musika tresnen aldetik nahiko biluzik utzi ditut bertsoak"

Trikitixa alde batera utzita, gitarraren laguntzaz dator Joseba Tapia (Lasarte, 1964) 'Tximela kapitainaren izarrak' izeneko diskoan, bakarka ateratzen duen seigarrena. 1937an Luis Rezolak Duesoko presondegian idatzitako bertsoak dira lan honen oinarria

"Lan honetan, musika tresnen aldetik nahiko biluzik utzi ditut bertsoak"DEIA

Donostia. Tolosako pertsonaia honen bizipenetatik abiatuz, diskoa entzuten duen oro hunki-tzeko intentzioa dauka musikariak.

Nolatan pentsatu zenuen diskoa Luis Rezolari eskaintzea? Zerk bultzatu zaitu horretara?

Liburuak miatzen, irakurriak jaso-tzen, begiratu eta deskubritzen ari-tzen gara etengabe gure ofiziokoak. Auspoa sailean, Luis Rezola izeneko bertsolari bat agertu zitzaidan. Hasieran ez zidan atentziorik piztu, baina bertso haietan bazegoen modu batean bere bizipen pertsonalaren isla. Gerra garaian Rezolak pasatakoa kontatzen zuen zati bat ere bazen. Tartean egitura librean egindako letrak zekartzan gainera. Egoera eta bizipen gordina zekarren. Letra haiei musika jarri behar niela sortu zitzaidan, eta kanturako egokiak izango ziren ustean, diskoa perfilatzen, imajinatzen hasi nintzen, Tximela kapitainaren hitzak buruan bueltaka nituela.

Rezolak kartzelan libre izateko zeukan modua idaztea zen. Zer da zuk guztiz libre izateko daukazun era?

Bueno, Rezolaren ondoan oso libre naiz ni. Ez nago kartzelan eta ez daukat itxitasunaren sentsazio hori. Tximela kapitainak ez zekien hurrengo egunean bizirik egongo zen ala ez, eta bizirik zegoela frogatzeko idazten zuen. Nik lanbide daukat musika, desberdina da. Teknika bat erabiltzen dut, jakina, baina horretaz gain beste gauza asko ere behar ditut. Hori nahikoa izango balitz, oso erraza izango li-tzateke musika ona, kantu onak egitea. Saioetan zehar asko ahalegindu eta gero kantu bat ontzat ematen dudanean, beteago senti-tzen naiz, osoago. Sortze-lan horretan estutu ondoren sentitzen naiz libreago, nolabait esanda, nire lanaren emaitza ikustean.

Disko honekin zein eragin lortu nahiko zenuke jendearengan? Kritika egiten duzu, zirrara sortu nahi duzu...

Kritika zentzu desberdinetan hartu daiteke. Txoriak txori abestian, esaterako, hegoak mozten dizkigutenen kontrako kritika dago. Askatasun aldarrikapena da, eta izan liteke askatasun pertsonala edo kolektiboa. Baina kantu horrek hunkitu egiten gaitu aurrena, maila artistiko bat daukalako. Hori, nire ustez, ezinbestekoa da sormenari lotuak dauden alorretan.

Beraz, antzekoa gertatu zitzaizun Rezolarekin.

Tximela kapitainaren letrek hunkitu egin ninduten aurrena; batean urradura transmititzen du, bestean ikara, hurrengoan herrimina, gero umorez hartzen du egunerokoa? Sentsazio desberdinak senti daitezke letra hauekin. Indar hori izan ez balute, ez nituen kantatuko.

Zein estilo jorratu duzu?

Estilo bat baino gehiago dago doinuetan, dudarik gabe. Baina oro har tratamendua nagusitzen da, denei eman diedan biluztasuna. Gitarra soilaren sonoritateak bakardadea eta tristura hori ederki transmititzen dituela esango nuke. Gero biolontxeloak handitu egin du hasierako intentzioa. Intuizio handiko musikaria da Luis Fernandez. Izugarrizko belarria du eta gozatu ederra da berarekin lan egitea. Jexux Aranburuk ere teklatuekin detaile txiki eta finak erantsi dizkio proiektuari.

Zure beste lanetatik nola bereizten da proiektu hau?

Alde batetik oso ezberdina dela esan liteke, ez baititut tresnak hain era gordinean eta bakarrean inoiz erabili. Honela, trikitixarik ez da ageri diskoan, gitarra baizik. Baina beste alde batetik, aurreko lanekin lotura handia duela esan liteke. Jotakoen kantua dakart gehienetan, galtzea tokatu zaion giza taldearen ahotsa. Neurri batean, Eta tira eta dunba eta Agur Intxorta maite diskoen jarraipena dela esan liteke, gure historiaren une berezi bateko kantuak baitira disko honetakoak ere. Baina aurreko haietan pertsonaia kolektiboa zen, ez zuen pertsona konkretu batetaz hitz egiten, eta letren autoreak desberdinak ziren; horietako asko, gainera, anonimoak. Oraingoan pertsonaia bat daukagu nagusi: Luis Rezola tolosarra, hogeita bi urteko kapitain gaztea, bere kantuekin. Lekuko-tza pertsonal baten indarra du disko honek.

Gertuko etorkizunari begira, zein plan dituzu?

Oraintxe disko honen aurkezpen kontzertutan hasi berria naiz eta ezer baino lehen jendaurrean kantatzeko gogoa daukat, eta erreakzioa zein izango den ikusteko irrikan nago. Eske handia daukat batetik eta bestetik. Euskaldunentzat kantatzen dut bakarrik eta, hala ere, galtza bete lan. Ez daukat aspirazio handiagorik, hortxe sentitzen naiz bete-betean.