Síguenos en redes sociales:

EOSk eta Ken Zazpi taldeak bost kontzertu emango dituzte

EOSk eta Ken Zazpi taldeak bost kontzertu emango dituzteIker Azurmendi

DONOSTIA. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) eta Ken Zazpi talde bizkaitarrak bost kontzertu eskainiko dituzte Klasikat zikloaren baitan. Lehen emanaldia Donostian izango da, gaur, abenduaren 3an, eta azkena Donibane Lohitzunen, hilaren 13an.

Emanaldiotan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Ken Zazpik pop rock talde euskaldunaren kanten bertsio sinfonikoak interpretatuko dituzte zuzenean lehen aldiz. Abestien moldaketa Fernando Velazquez konpositore bilbotarrak egin ditu, eta berak zuzenduko ditu kontzertuak.

Horrela, euskal orkestra sinfonikoko arduradunek prentsa ohar baten bidez jakinarazi dutenez, bira berezi honetako lehen emanaldia Donostiako Kursaal Auditoriumean izango da, gaur, iluntzeko 20:00etatik aurrera.

Ondoren, Klasikat zikloaren laugarren edizio honetan, Ken Zazpi taldeak eta EOSek Iruñeko Baluartan joko dute asteazkenean, abenduaren 4an, Bilboko Euskaldunan ostegunean, hilaren 5ean, Gasteizko Principal Antzokian abenduaren 12an, eta, esan bezala, Donibane Lohitzuneko Jai Alain hilaren 13an.