Argazkilariek ez dute une gozoa bizi. Kamera digitalak konpetentzia areagotu du, profesionalen etorkizuna ilunduz. Xanti Rodriguezek dio "tamalez lankide batzuk beraien lana utzi" egin behar izan dutela konpetentzia horren erruz. Hala ere, gipuzkoarra teknologia berrien zale itsua da: "Teknologia lagun dugu, hori bai, jakin behar da nola erabili, horrek baduelako bere alde ona eta txarra". Azpeitiarrak urteak daramatza publizitate munduan, bere argazki eta muntaiekin txunditzen. Oraingo sari honetara hiru erretratu aurkeztu zituen, zein baino zein ederrago: "Hirurak sesio ezberdinetan eginak dira, ez neukan pentsatuta bilduma bat egitea, baina amaituta ikusi nituenean konturatu nintzen armonia bat zegoela beraien artean. Batzuetan prestatu gabeko gauzak fusionatzen dira eta...". Atera berri du 'Itzalen sua' lana, Gaumin argitaletxearekin elkarlanean, eta 2013an metraje laburreko film bat egin nahi du liburuan kontatzen den istorio batekin: "Vintage itxura duten irudiekin txundituta nago, eta nire lanean igartzen da eragin hori, baita liburu horretan ere". Artistaren sekretua sinplea da (baina ez erraza): "ofizioari diodan errespetuan eta maitasunean datza arrakasta delakoa".
- Multimedia
- Servicios
- Participación
