Síguenos en redes sociales:

Joxe Agirre bertsolaria, 'mozketaren maixua', zendu da

83 urte zituela hil zen lau belaunaldirekin batera kantuan aritutako azpeitiarra

Joxe Agirre bertsolaria, 'mozketaren maixua', zendu da

bilbo. Laurogehita hiru urte zituela joan zen atzo goizean Joxe Agirre bertsolari gipuzkoarra, alabarekin gosaldu ostean zorabio bat sentitu ondoren. Osasun arazoak omen zituen azkenaldian. Agirre Azpeitiako Izarraitz auzoko Oranda baserrian jaio zen, 1929ko apirilaren 13an. Bere esanetan, beharrezkoa zen auzo guztietan bertsolari on bat egotea. Agirreri Izarraitzko ordezkaria izatea egokitu zitzaion.

60ko hamarkadan hasi eta orain gutxi arte plazaz-plaza ibili zen. Bertsogintza hitzezko borroka moduan ulertzen duen tradiziotik zetorren, eta horrek erabateko eragina izan du bere estiloan: zirikatzailea, erantzun zorrotzekoa... "Bertsotan gai mota guztiak gustatzen zaizkit baina lan serioekin baino, alaiekin hobeto moldatzen naiz. Zirikatzaile fama izan dut beti", zioen 2009an DEIA egunkariari eskainitako azken elkarrizketan.

Lau generaziotako bertsolariekin aritu zen, Uztapide eta Xalbadorren belaunalditik hasita Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusekin kantatu arte. Garai guztietan izan zuen bere lekua, sona eta errespetoa bertsolari bezala. "Oraindik bertsotan aritzen naiz, bertsolari guztiekin, zahar eta gazteekin, oso ondo moldatzen naiz oholtzan", adierazi zuen elkarrizketa horretan, urtean zehar tarteka-marteka plazaz-plaza ari-tzen zela adieraziz. Hala ere, azken boladan garai bateko laurdena aritzen zela adierazi zuen, izan ere "urte batzuetan ehunetik gora saio" egiten zituen.

Bere estiloak, bereziki, bertsolari gazteen artean izan zuen estima handia. Horregatik, azken urteotan hainbat jaialditan parte har-tzeko gonbidapena jaso izan zuen. Amaia Mendizabali eskainitako elkarrizketa batean honakoa zioen: "Bertsoari berari dagokionean egungo gazteek guk egiten genuena eta egiten duguna baino bertso perfektuagoa osatzen dute. Prestakuntza ere handiagoa izan dute".

Bere ibilbidearen une garran-tzitsu bat gogoratzean Aginagako txapelketa aipatzen zuen 1959 urtean, 29 urte zituela: "Lehiaketa hartan txapela neuk eraman nuen, eta urte hartako udan ordu arte egindako saio guztiak baino gehiago egin nituen. Orduantxe hasi nintzen ni benetan plazak egiten, Aginagako txapela eta gero. Ate asko ireki zizkidan, jende asko ezagutzeko aukera eman baitzidan".

Ezaguna da ere Imanol Lazkano eta Joxe Lizasorekin zuen harremana: "Ni Lizasorekin eta Lazkanorekin bertsoaren bitartez egin nintzen lagun", adierazi zuen behin. Hain zuzen ere, hil honen 23an Erniarraitz Bertsozale Elkartea, hari, Imanol Lazkanori eta Joxe Lizaso zenari, omenaldi bat egitekoa zen Azpeitian, Sanagustin kulturguneko bertso saio batean. Bere bizitzari eta obrari buruzko liburu bat idatzi zuten Joxean Agirre kazetariak eta Jexux Murua filologoak Joxe Agirre, mozketaeren maixua izenekoa.

Joan da Joxe Agirre bertsolari handia, mozketaren maixua, aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketan txapela nork jantzi duen jakin gabe. Bertsolari bizkaitarrek, azpeitiarrari omenaldi txiki bat eskaini nahian, Agirre izan zuten atzo hizpide oholtza gainean, Jone Uriaren kasu: "Berak azaldu baizigun erabilitako kantua. Gazte izatearena ez dela adin kontua". Astelehenean izango da hileta elizkizuna, 19:00etan, Azpeitiko parrokian.