Síguenos en redes sociales:

"Euskaldun pasiboa aintzat hartu eta euskaraz gozatzera animatu behar dugu"

Euskararen Sustapenerako arduradunak Azokan aurkeztu berri du 'Ekonomiaz interneten' egitasmoa, Ekai Center erakundeak abiatu duena Aldundiaren babesaz. Euskara ohiko bizimoduan erabiltzera dei egiten du Dobaranek, eta Durangoko hitzordua aukera paregabea da horretarako

"Euskaldun pasiboa aintzat hartu eta euskaraz gozatzera animatu behar dugu"Jose Mari Martínez

Durango. Euskal hizkuntza gizarteko esparru guztietan errotzearren, erakargarria izan behar da lehenik eta behin, eta ez "zama" bat. Sare sozialetako gazteen "erabilera sinbolikoa" gainditzea eta internet sarea oro har "euskaraz jostea" dira Miren Dobaranek (Berango, 1970) planteatzen dituen helburuetako batzuk.

Euskara egunerokotasunean txertatzea da zure kezketako bat, baina nola ailegatu eremu pribatura erakunde publikoetatik?

Elkarlanaren bidez. Esaterako, Bizkaiko Foru Aldundiak elkarlanean dihardu irabazi asmorik gabeko elkarte askorekin -Topagunea euskara elkarteen federazioa, kasu- eta udalekin batera. Zertarako? Bada, umeek eskolatik irteten direnean bermatuta euki dezaten euskararen presentzia beren aisialdian. Eta Bizkaiko edozein umek bere herriko kultur etxera edo ludotekara joanez gero, eskaintza osoa euskaraz aurkitu dezake gaur egun.

Beste adibide bat aipatu dezakezu?

Datorren urtetik aurrera futboleko entrenatzaile titulu ofiziala euskaraz atera daiteke. Izan ere, absurdoa da umeak euskaldunak izanik, futbolean erdaraz egitea, batez ere umetxoak direnean. Apurka-apurka ari gara euskararen presentzia areagotzen esparru guztietan, baita gunerik erdaldunenetan ere. Horietan oso garrantzitsuak dira esaterako oporraldietako programak.

Zergatik ote?

Badira hainbat ume ekainean eskolatik irten eta irailera arte ez dutenak inolako kontakturik euskararekin, familian edota lagunartean aukerarik ez dutelako. Horregatik saiatzen gara udalekin eta elkarteekin batera antzerki-ikuskizunak, udako liburutegi ibiltariak nahiz udalekuak martxan jartzen, ume horiek euskaraz erraztasuna izan dezaten eskolatik kanpo, sarritan gertatzen dena horixe baita: gramatikalki oso ondo darabilte hizkuntza baina nabaritzen da ez dela naturala, arlo akademikoarekin oso lotuta dago eta.

Nerabeen aisialdiko zati garrantzi-tsu bat internetek eta sare sozialek hartzen dute. Zer planteatzen du Aldundiak arlo horretan?

Euskara teknologia berrietan sustatzeko asmoz eratu genuen, hain zuzen, Azkue Fundazioa. Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKT) gure ohiko bizimoduan txertatuta daude, are gehiago gazteei dagokienez. Beraz, euskarak esparru hori galtzen badu, biziraupenerako itxaropenik ez du izango.

Zorionez, hitzaldian aipatu dituzun Topaguneko eta Europar Batasuneko txostenetan baikor agertzeko arrazoiak daudela dirudi...

Baikorrak bai, baina zuhurtasunez jokatu behar dugu betiere. Ikerketa horien arabera, euskara ez dago gaizki posizionatuta kontuan hartuta hiztun gutxiko hizkuntza gutxitua dela. Hala ere, gazteek gutxi darabilte euskara sare sozialetan, kaixo, agur, eskerrik asko... erabilera sinbolikoa da. Finean, arlo birtualean bizitza errealeko eredua errepikatzen da, hau da, lagunartean eta familia giroan euskaraz ez bada egiten, nekez egingo da sarean.

Zer estrategia jarraitu orduan?

Lan handia daukagu horretan, ez bakarrik Administrazioak, gizarte-eragile guztiek baizik. Alegia, ekimen asko ez dira diru-lagun-tzekin bideratzen, Wikipedia kasu. Programa parte-hartzailea da, eta egin behar dena erreminta hori dinamizatzea da. Aipatzekoa da Ugarteburu Saria, Medikuntza ikasleek Wikipedia aberastu dezaten euren euskarazko artikuluekin. Erreminta hau oso erreferente inportantea da ikasle guztientzat, eta maiz ez dute euskarazko informaziorik topatzen, orduan itzuli egin behar dute... Psikologikoki zama bat da eta ezin dugu onartu euskara zigor-hizkuntza bat bilakatzea.

Zer asmo ditu Aldundiak Azokan?

Jendea euskara eta euskal kulturara hurbiltzea, euskaldunak eta euskaldunak ez direnak. Bada gure gizarteko zati handi bat euskaraz aritzera ausartzen ez dena, hizkun-tza ulertzen duen arren. Nik uste dut euskaldun pasibo horri aintzatespen bat egin behar diogula, eta euskaraz disfrutatzera animatu, merezi du eta. Zenbatek ikasi du ingelesa hizkuntza horretako kantuak gustuko zituelako? Ez dugu perfektu hitz egin behar, ez gara Euskaltzaindia. Biztanle gutxi gara eta ezin dugu bizi elkarri bizkarra emanda. Garrantzitsuena da produktu erakargarriak eskaintzea, kontsumituko direlako, dudarik gabe.