Bilbo. Erdi Aroa eta garai modernoa (neoklasikoa) uztartzearen ohorea du Justo Antonio Olaguibel arkitektoak. Bere obra da Gasteizko Plaza Berria, baita Los Arquillos izenez ezagutzen den pasealekua ere. Honen bidez, Erdi Aroko hiria eta zabaltze neoklasikoaren arteko aldea -22 metro, hain justu-, gainditzea erdietsi zuen Olaguibelek, eta gisa honetako munduko obra arkitektonikorik hoberena konsideratuta dago gremioan.

Maisutasunezko lan honek ospe handia ekarri zion Olaguibeli, bai Euskal Herrian baita Europa aldean ere. "Bere ekarpena Europako unibertsitateetan ikasten da", adierazi du Patxi Basabe zinegileak, Olaguibel 1808 obraren zuzendari denak. Obra idazterakoan, dokumentazio arloan hainbat "hu-tsune" aurkitu zituen lan taldeak. Zorionez, Ramón Ruiz Cuevas arkitektoa izan zuten lagun, Arabako arkitektoen elkargoko presidente ohia. "Arkitektoen gehiengoa Olaguibelen zale amorratua da, baina, egia esan, Gasteizko askok uste dute Olaguibel kale baten izena baino ez dela. Obra hau funtsean entretenimendua bada ere, gure asmoa da Olaguibelen ekarpena ezagutzera ematea egungo gizartean", azaldu du zinegileak.