GASTEIZ. Tenerifeko Espacio de las Artes-eko zuzendari Javier González de Durana Isusiren agerraldia ere interesgarria izan zen. Artiumeko zuzendari ohiak mahai gainean jarri zituen Guggenheim proiektuaren onurak, baina hi-tzarmena berritu baino lehen gauzak ondo begiratu behar direla zioen. Parlamentuan agertu eta gero prentsaurrekoa eman zuen Duranak. Bertan bere iritziz Guggenheimek dituen hutsuneak aletu zituen: "Batetik, Guggenheinek duen bilduma pribatuak ez dauka osotasunik. Piezak handik eta hemendik erosi dira, eta oso pieza garrantzitsuak dira gehienak, baina ez dago batasunik, eta Museo batek hori zaindu behar du, bere bildumaren batasuna, erosketa egiterakoan kriterio jakin ba-tzuk ezarriz. Horrek ematen dio indarra bilduma propioari". Bildumatik at, bestelako gaiak ere jorratu zituen Duranak: "Nik esango nuke Guggenheimeko teknikoak apur bat preso daudela, eta aske utzi behar zaie lan egiten, beste museo batzuetako langileekin sinergiak sor ditzaten. Honela Museoak garapen osoa lortuko luke; badirudi orain ez duela bere osotasunean funtzionatzen. Bitartekaritza museistikoa falta da Guggenheimen. Esaterako, zuzendari artistikoaren postua hutsik dago, eta hori ezin da horrela utzi. Zergatik dago hutsune hori? Nueva Yorkeko jendeari ez zaiolako interesatzen; horrela nahi dutena egiten dutelako handik. Nik horrela ikusten dut behintzat".

Duranak zioen hori dela Museoaren ahuleziarik nabarmenena, eta hori dena berrikusi eta aztertu behar dela esan zuen. Hori bai, bere iritziko, "Fundazioarekin dagoen akordioa berritu egin behar da, jakina, baina akordio horren aspektu batzuk berrikusiz".