"Haur besoetakoa" era berean maisulana eta onartezina da
Jon Miranderen eleberriaren inguruko jardunaldietan hartu zuen parte idazle gipuzkoarrak atzo
Bilbo. "Literaturaren une beharrezko bakarra irakurketa da: irakurleak begiak orriaren gainean jartzen dituen momentua. Eta une hori laguntzen duen oro da ona". Horrela hasi zuen atzo Bernardo Atxagak, (Asteasu, Gipuzkoa, 1951) Jon Miranderen Haur besoetakoa nobelaren inguruko berbaldia eman aurretik, komunikabideekin izandako topaketa. Bilbo Zaharra Forum izenarekin, beste urte batez antolatu dituzte izen bereko euskaltegiko arduradunek literatura jardunaldiak. "El Quijoteren adjektibazioari buruzko ehun mila ikerketek ez dute deus balio irakurketarik ez badago", erantsi zuen; "nire asmoa Miranderen irakurketan laguntzea da".
Gabriel Arestik argitaratu zuen nobela 1970.ean, nahiz eta hamaika urte lehenago amaitua zuen lana jatorri zuberoarreko idazleak. "Eleberrian zioenaz izututa baina zerabilen prosaz liluratuta publikatu zuen lana Arestik", Atxagaren aburuz. Hizkuntza aldetik "eredugarria" dela azpimarratu gura izan zuen arestian Stanfordeko Unibertsitatean hiru hilabetez klaseak ematen egon den idazleak. "Miranderen estiloa apartekoa zen", esan zuen, baina ez soilik hizkuntzari so: "Nobelaren erakargarritasuna eleberri labur gisa ikaragarri ona izatean datza".
Bide engainagarriak "Alhambraren aurrean bide desberdinak daude eraikinera sartzeko: bide nagusi bat eta beste bide estuago batzuk. Bide nagusia hartuz gero, teorian eraikinaren erdigunera eramango zaituena, enbaxadoreen patioan amaituko duzu, ertz batetan eta ez eraikin nagusian". Paralelismoei heldu zien Atxagak beste behin: "Horrela ikusten dut nik Miranderen nobela hau, Alhambrako bideak bezala, engainagarria". Eleberriaren gai nagusitzat jo ohi denaren azpian idazleak jorratu gura zuena azaldu nahi izan zuen Atxagak horrela: "Istorioaren materia edo gai nagusia ez da Theresarekiko maitasuna, baizik eta gizartearekiko, beste guztiekiko, bortxakeria. Oso modu agresiboan, gizarte hau arbuiagarria dela esan nahi du Mirandek".
Nobelaren zioa makilatzeko erabili zituen pertsonaiak eta beraien arteko erlazioa, halabaina, ez zen Mirandek erabilitako bide engainagarri bakarra. Eleberrian bertan argi esaten du Theresa gaztetasun eternal eta hilezkorraren irudia dela eta, horrek, umea sinbolo bezala ulertzera eraman izan ditu irakurleak. Honela dio etxeko jaunak liburuan: "Iduri du ez dudala bera maite baizik eta berak islatzen duen gaztetasun eternal hori". Baina Atxagaren iritziz gezurra dio hor, Theresa ez da hilezkortasun betierekoaren metafora, Theresa ume bat da eta eleberria "pederastia istorio gordina".
Garaiko irakurleek begitankor jaso zuten nobela. "Arrazoia zuen gizarteak" Atxagaren ustetan. "Ez nator batere bat Miranderen ikuspuntuarekin; hobea da bizitza anti-heroikoa mota horretako heroiak izatea baino", etxeko jaunaren inguruan berba eginez. "Gizarteak ez onartzea seinale ona da, oso arriskutsua da esaten duena eta defenditzen dituen ikuspuntuak krimenera eramaten zaituzte zuzenean". Liburuaren argitalpenaren alde erabat agertu zen Obabakoak idatzi zuenak baina irmo esan zuen ere: "Egilea ez dugu parkatu behar".
Egolatra, gezurtia: maisua Truman Capotek, bere burua defini-stzeko, "alkoholikoa naiz, drogazalea naiz, homosexuala naiz, maisu bat naiz" esaldia idatzi eta hizkien munduaren historian betiko geratzea lortu zuen. Jon Mirandek, gaztetasuna eternalaren alegoria legez aurkeztuta Theresa, bere barneko sentimenduak ezkutatu gura izan zituen, zelanbait. "Oso hurbil dago idazlea testutik", zioen Atxagak, Miranderen inguruan gogoeta eginez. "Ez dago urruti etxeko jauna Mirande beragatik".
Gezurra esan ei du Mirandek nobelan, beraz, pederastia gordina eternitatearen metaforarekin edertuta. Baina egolatra ere bada idazlea, Atxagaren aburuz: "Bukaera oso ikuspuntu egolatra batetik dago idatzita. Berak erabakitzen du, nahiz eta sinesgaitza izan, nobelaren bukaeran etxeko jauna atxilotu ez eta hamar egun ematea erlazio horrekin bukatzeko. Egileak bere buruari oparitutako hamar egun dira, nobela berak nahi duen moduan bukatzeko".
Gezurtia eta egolatra izanik ere maisua zela argi utzi zuen Atxagak hizketaldian. Honen aburuz, nobelaren oinarrian dagoen gizartearen ikuspegia "Byron, Nietzsche eta Spenglerren" oinarrituta dago. "Byronen pertsonaia erromatiko bat bezala ikusten du Mirandek protagonista", Atxagaren ustez; Nietzscheren supergizakiarekin lotura duen pertsonaia. Eta Spenglerrek zioen legez, gorputzak bakarrik ez, gizarteak ere izan daitezkeela gazte da gipuzkoarrarentzat hirugarren oinarri filosofikoa.
Baina maisutasunak ez datza bakarrik nobela baten oinarrian dagoen filosofian: "Nire aburuz oso nobela txarra da Lolita baina Haur besoetakoa eleberri labur bikaina da. Berrogei urte dira argitaratu zela eta bizirik dago oraindik. Ez da best-sellerra, baina ez da gutxi".